Gizartea -

EAEko minbiziaren erregistroa

Minbizi kasuak bikoiztu dira EAEn

Prostatako minbiziak gizonezkoetan eta bularreko minbizia emakumezkoetan dira tumore kaltegarri ohikoenak. Kolon eta ipurtesteko minbizia da ohikoena emakumeen zein gizonen artean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

20 urteren buruan ia bikoiztu egin dira EAEn minbizi kasuak; 1986an 6.843 kasu berri diagnostikatu zituzten, eta 2006an 11.149; dena den, hilkortasun-tasak % 0,8 behera egin du azken bi hamarkadetan.

Minbiziaren Euskadiko erregistroa orain 25 urte sortu zen, eta gaur azken urteetako datuak jakinarazi dituzte Jose Asua Osasun Saileko Ezagutzaren Kudeaketako zuzendariak, eta Isabel Izarzuaga doktoreak.

1986tik 2006ra arte 187.000 pertsonari diagnostikatu diote minbizern bat.

Prostatako minbiziak gizonezkoetan eta bularreko minbizia emakumezkoetan dira tumore kaltegarri ohikoenak. Kolon eta ipurtesteko minbizia da ohikoena emakumeen zein gizonen artean.

Gero eta diagnostiko berri gehiago egiten direla eta Osasun Publikoan neurriak hartzen dabiltzala esan du Asuak. Hori dela eta, heriotza-tasak behera egin du eta gaixoen bizi kalitatea hobetu da.

Gizonezkoetan beherakada nabarmenenak digestio-aparatuko (sabeleko eta hestegorriko) minbizietan eta Hodgkin-en gaixotasunean eta leuzemiatan eman dira. Emakumeen kasuan, sabeleko, kolon eta ipurtesteko eta uteroko minbiziek eragindako hilkortasun-tasak behera egin du, baina birikietako minbiziak gora egin du, eta orain urte batzuk baino askoz emakume gehiagok dute birikietako minbizia.

Tabakoa eta alkohola

Neskak gero eta gazteago hasten dira erretzen, eta erretzeari utzi ezean, hemendik urte batzuetara izurritea gertatuko dela iragarri du Izarzuagak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea