Gizartea -

2017ko Datuak

7.000 salaketa baino gehiago indarkeria matxistagatik, Hego Euskal Herrian

2016an baino 767 salaketa gehiago izan dira (ia % 11 gehiago). Orain dela 20 urte datuak biltzen hasi zirenez gero jasotako kopururik handiena da.

Indarkeria matxistaren aurka Donostian egindako protesta baten artxiboko argazkia
Indarkeria matxistaren aurka Donostian egindako protesta baten artxiboko argazkia
Indarkeria matxistaren aurka Donostian egindako protesta baten artxiboko argazkia

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2017an 7.028 salaketa jarri ziren Hego Euskal Herriko epaitegietan indarkeria matxistagatik, 19 baino gehiago egunean.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Etxeko eta Genero Indarkeriaren aurkako Behatokiak argitaratutako datuen arabera, 767 salaketa gehiago izan ziren 2017an, 2016an baino % 11 gehiago.

Salaketa-kopuruak Nafarroan egin du gora gehien, % 22,2 gehiago jarri baitituzte (1.838). 1.838 horietatik 1.803 indarkeria matxistaren biktimek jarri zituzten. Bestalde, 197 emakumek (% 13,4k) ikertuaren aurka lekuko salatzaile gisa ez deklaratzeko eskubidea erabili zuten, % 27,4 gehiago. Halaber, 10.000 emakumeko, indarkeria matxistaren biktima tasa % 55,5 izan zen, 2016ean baino gehiago.

EAEko datuei dagokienez, salaketa-kopuruak % 9 egin zuen gora, eta 5.224 biktima zenbatu ziren (2016an baino % 9,5 gehiago). Akusatuaren aurka ez deklaratzeko eskubidea erabili zuten 665 emakumek, eta azkenik, 10.000 emakumeko, % 46,34koa izan zen biktima tasa.

Espainiako estatuan, berriz, % 16,4 egin zuen gora salaketa-kopuruak, 166.620 aurkeztu baitziren iaz; 2016an, ordea, 142.893 izan ziren. Orain dela 20 urte datu horiek biltzen hasi zirenez gero ezagutu den kopururik handiena da. Indarkeria matxistaren biktimek 158.217 salaketa aurkeztu zituzten; 16.464k lekuko gisa ez deklaratzea erabaki zuten, eta azkenik, 10.000 emakumeko, % 66,65ek jasan zuten indarkeria matxista.

Angeles Carmona Behatokiko presidentearen iritziz, "emakumearen aurkako jarrera bortitzak azaleratzea positiboa den arren, datu horiek onartezinak dira, gizarte heldu eta zibilizatu bati ez dagozkionak".

---

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Gizartea albisteak Gaurko azken orduko albistea