Gizartea -

Nazioarteko Eguna

Mundu osoko emakumeen herenak indarkeria matxista jasan du noizbait

Estatuan aurten 75 emakume hil dira bikotekide edo bikotekide ohien esku, iaz baino 20 gehiago. EAEn, egunero 17 salaketa jartzen dituzte indarkeria mota horren harira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Estatuan 75 emakume hil ditu aurten indarkeria matxistak, iaz baino 20 gehiago. Nazio Batuen Erakundeak zabaldutako datuen arabera, mundu osoan, hiru emakumetik batek indarkeria jasan du inoiz.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan batez beste egunero 17 salaketa jartzen dituzte emakumeen kontrako indarkeriaren harira. Iaz sei mila salaketa jarri zituzten, Bizkaian gehienak, eta Araban gutxien.

Salaketa kopuru hori urtetik urtera handitzen doa. 2004tik hona bi mila salaketa gehiago jarri dituzte.

Elena Calek 45 urte zituen urtarrilean Tolosan bikotekideak labankadaz hil zuenean. Amelia Sanchezek 65 urte zituen semeak emandako labankadek hil zutenean, otsailean, Barakaldon. Isabel Velez 48 urtekoa semeak hil zuen labankadaz otsailean. Amelia Amayazek, berriz, 36 urte zituen uztailean eztabaida baten ondoren bikotekideak jipoitu eta eragin zizkion zauri larrien ondorioz hil zenean.

Euskal Autonomia Erkidegoan, urrira bitartean, gizonezkoen esku hildako emakumeak lau horiek dira. Guztira, epe horretan 3.543 indarkeria kasu ezagutu dira. Lurraldeka banatuta, 525 Araban, 1.930 Bizkaian eta 1.088 Gipuzkoan izan dira. Nafarroan guztira biolentzia jasan duten 1.046 emakumeren berri izan da. Kasuen kopurua, ordea, jaitsi egin da % 9,34 hain zuzen ere 2009. urtearekin alderatuz.

Estatu osoan, berriz, 75 emakume hil dituzte aurten euren bikotekideek, iaz baino 20 gehiago, eta urtea oraindik ez da amaitu.

Mundu zabaleko datuak hartuta, munduan sei mila eta zazpiehun miloi biztanle daude, erdiak emakumeak; ondorioz, 1.120 milioi emakumek indarkeria jasan dute emakume izateagatik, hiru emakumetik bat, alegia, jo egin dute edo sexu harremanak izatera behartu.

UNESCOk adierazi du indarkeria horrek izurriteen neurria hartu duela eta ondorio ikaragarriak dituela arlo askotan eta ondorio zuzenak herrien gizarte garapenean eta ekonomian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea