Gizartea -
Nafarroa
600 ardi hil dira Kasedan, uhaldiak eramanda
Aragoi ibaiak gainezka egin zuen eta bete-betean harrapatu zuen artaldea. 40 animalia baino ez dira onik atera.
Agentziak | Erredakzioa
600 ardi itota hil ziren astelehenean Kasedan (Nafarroa) Aragoi ibaiak gainezka egin eta uhaldiak eramanda, Foruzaingoak jakinarazi duenez.
Artaldeko 40 bat animalia baino ez dira atera onik, uhartetxo batean geratu baitziren.
Foruzaingoak Ebroko Konfederazio Hidrografikoa jakinaren gainean jarri zuen, eta hainbat patruila hildako animaliak topatzen aritu ziren.
Abeltzainak salaketa aurkeztuko du datozen orduetan. Salatu duenez, udalak utzitako lursail batean zituen ardiak. Horren hitzetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak Esako urtegiaren ur-ateak zabaldu zituen, eta horregatik egin zuen gainezka Aragoi ibaiak. "Ez ninduten abisatu. Jakinez gero, handik kenduko nituen eta listo! Orain inork ez du erantzukizuna hartu nahi", deitoratu du Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean.
Foruzaingoak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.