Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Emakume bat hil du ustez haren bikotekideak Murtzian
Ustezko hiltzailea, 46 urteko gizonezkoa, atxilotu dute. Emakumeak dibortzio prozesuari buruzko informazioa eskatu du aste honetan bertan udaletxean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
39 urteko emakume bat hil zuen atzo, ustez, bere bikotekideak (46 urte ditu) Murtzian. Espainiako Poliziak eta Murtziako Gobernuko larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez, ustezko hiltzailea emakumearen etxebizitzaren inguruan atxilotu zuten.
15:50 aldera, zazpi dei jaso zituzten 112 larrialdi zerbitzuan emakume bat sastakatu zutela esateko. Hasiera batean ustezko erasotzaileak lasterka ihes egin bazuen ere, Espainiako Poliziak atzeman zuen gero.
Bertaratutako osasun langileek emakumearen heriotza baieztatu besterik ezin izan zuten egin.
Conchita Ruiz Murtziako Udaleko Gizarte Eskubideen zinegotziak jakinarazi duenez, emakumeak dibortzio prozesuari buruzko informazioa eskatu du aste honetan bertan Genero Indarkeriaren Biktimak Artatzeko Zerbitzuan.
Epaileak baimena eman ostean, Murtziako Auzitegi Medikuntza Institutura eraman zuten haren gorpua, autopsia egitera. Sumarioa sekretupean jarri dute.
____________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.