Gizartea -
Italia
Open Arms erakundearen itsasontzia askatu dute Sizilian
Itsasontzia atxikita zegoen Pozzallo Siziliako portuan, legez kanpoko immigrazioa sustatzea egotzita.
agentziak | erredakzioa
Giovanni Giampiccolo Ragusa Siziliako herriko instrukzio epaileak Proactiva Open Arms GKEaren itsasontzia askatzea agindu du gaur, astelehena. Itsasontzia atxikita zegoen Pozzallo Siziliako portuan, legez kanpoko immigrazioa sustatzea egotzita.
Rosa Emanuela Lo Faro GKEaren abokatuak epaileak hartutako erabakia baieztatu dio Eferi, Ragusako Fiskaltzak martxoaren 27an emandako atxikitze agindua bertan behera utzita.
GKEaren itsasontziak 216 etorkin utzi zituen martxoaren 17an, Pozzalloko portuan, eta orduan behin behinean atxikitzea agindu zuten. Gainera, Anabel Montes misioaren buruaren, Mark Reig kapitainaren eta organizazioaren beste arduradun baten aurkako ikerketa zabaldu zuten.
Ondoren, Cataniako epaile instruktoreak berretsi egin zuen GKEaren itsasontzia atxikitzeko erabakia eta legez kanpoko immigrazioa sustatzea delitua, baina baztertu zuen organizazio kriminalaren delitua.
Hala, auzia Ragusako Auzitegiak hartu zuen bere gain. Hain zuzen, Pozzallo auzitegi horren eskumenen barruan dago eta hori izan da gaur aske uztea agindu duena.
Bitartean, ikerketa penalak bere bidea jarraituko du, eta urtebete luzatu liteke, Alessandro Gamberini GKEaren abokatuak EFEri orain dela aste batzuk adierazi zienez.
Gamberinik gaurko erabakiaren berri izan ostean esan duenez, ebazpenak "auzipetzearen seriotasun falta" erakusten du eta "kolpe handia" izan dela gaineratu du, baina, edonola ere, fiskalak helegitea aurkez lezake erabakiaren aurka.
Oraindik "gerra judizial handia" dago egiteko, "gatazka bat baino ez baita irabazi", gaineratu du.