Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Biktimaren abokatuek epaia errekurrituko dutela jakinarazi dute
'La manada' auziko parte guztiek helegitea jarriko dute, beraz, epaiaren aurka, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi beharko du orain.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jada 'La manada' kasua bezala ezagutzen den auziaren akusazio partikularak ere epaiaren kontrako errekurtsoa aurkeztuko duela jakinarazi du gaur. Ostegunean egin zen publiko bost akusatuak bederatzina urte kartzelan egotera zigortzen dituen epaia, "sexu-abuso" delituagatik. Polemika sortu zuen epaiak, "sexu-eraso" gisa kalifikatu baitzuten fiskalak eta akusazioek neskari gertatua, eta 22-25 urte arteko kartzela-zigorrak eskatzen zituzten.
Kasua epaitu duen epaimahaiak, baina, "sexu-abusua" leporatu die bost akusatuei, ez bortxaketa edo "sexu-erasoa", emakumea behartu eta menderatu egin zutela onartu badu ere.
"Helegitea jarriko dugu, noski" baieztatu du gaur Miguel Angel Moral abokatu madrildarrak, Carlos Bacaicoa nafarrarekin batera, biktima ordezkatu duen letraduak.
Baieztapen honen ostean jada esan daiteke 'La manada' auziko parte guztiek helegitea jarriko dutela epaiaren aurka, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi beharko duela orain. Iturri batzuen arabera, irailean atera daiteke epaia.
Fiskaltzak, akusazio partikularrak eta Iruñeko Udalak zein Nafarroako Gobernuak 2016ko uztailaren 7 goizaldean gertatu ziren egintzak legez "sexu-eraso" gisa kalifikatzeko eskatuko dute, biktima "menderatuta" zeukatela ziurtzat ematen baitu epaiak berak.
Bost gizonen defentsek, berriz, absoluzioa eskatuko dute euren helegitean. Horretarako babesa sentitzen dute epai hau eman duen Nafarroako Auzitegiaren Bigarren Sekzioko magistratuetako batek emandako boto partikularra irakurrita.