Gizartea -
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
Emakume batek bortxatu egin dutela salatu du Iruñean
Sexu-erasoa igande goizaldean gertatu zen Donibane auzoan. Erasotzaileak ihes egin zuen eta oraingoz ez dute inor atxilotu.
EUSKADI IRRATIA | ERREDAKZIOA
Iruñeko Udaltzaingoa igande goizaldean Donibane auzoan gertatutako bortxaketa bat ikertzen ari da. Emakumeak salaketa aurkeztu zuen Udaltzaingoaren aurrean, Diario de Noticias egunkariaren esanetan.
Emakumearen lekukotzaren arabera, etxeko atarira sartzera zihoala, gizon batek atzetik heldu zion eta bortxatu egin zuen barruan. Sexu-erasoa igande goizaldeko bostetan gertatu zen eta erasotzaileak ihes egin zuen.
Emakumeak salaketa jarri zuen atzo bertan Iruñeko Udaltzaingoaren aurrean, eta, protokoloari jarraituz, mediku azterketa egin diote biktimari.
Egunkari horren hitzetan, eraso zion gizona ez zuela ezagutzen esan du emakumeak. Udaltzaingoa erasotzailearen bila dabil, emakumeak emandako informazioa eta erasoa gertatu zen lekutik gertu dauden kameren grabazioak aztertuta.
Polizia erasoa gertatu zen lekura joan da jada bortxaketaren proba bila.
Jatorrizko informazioa Euskadi Irratiak landu du.
_______________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan