Gizartea -

Julenen hilketa

Julenen aitari jarritako 19 urteko zigorra baieztatu du EAEko Auzitegi Nagusiak

Atzera bota du Luis Serranok jarritako helegitea, eta baieztatu du bularrean sastada emanda hil zuela 13 urteko semea.

Luis Serrano, Julenen aita / EITB.
Luis Serrano, Julenen aita / EITB.
Luis Serrano, Julenen aita / EITB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Julenen aitari jarritako 19 urteko kartzela zigorra baieztatu du. Luis Serranok 13 urteko semea hil zuen bularrean sastada emanda, 2011ko abenduan, Donostian.

Luis Serranoren defentsak helegitea jarri zuen Gipuzkoako Auzitegiaren epaiaren kontra, zenbait froga onartu ez zituztelakoan, baina orain atzera bota du EAEko Auzitegi Nagusiak.

Akusazio partikularra —Julenen ama— zein Ministerio Fiskala defentsaren asmoen aurka agertu ziren.

EAEko Auzitegi Nagusiko Gai Zibil eta Penaletarako Gelak Luis Serranoren argumentu guztiak atzera bota ditu, eta azpimarratu du epaia "bereziki sendoa" dela, epaimahaiak emandako epaitza bezala.

Auzitegiarentzat, "zehatz-mehatz kontatzen dira epaira garamatzaten arrazoiketak, konbizio elementu guztiak ordenean eta xeheki garatuta", eta "nahikoa da akusatuaren errugabetasun-presuntzioa ahultzeko".

Zigorra oinarritzen duen zeharkako frogak "baldintza jurisprudentzial" beharrezkoak betetzen ditu, Audientziaren arabera.

Zantzu guztien batuketatik "odorioztatzen den egiazko diskurtsoa", dio epaiak, "arrazoizkoa da, defentsak prozeduran zehar erabilitako suizidioaren edo istripuaren hipotesiak baino arrazoizkoagoa".

Oraindik, Auzitegi Nagusian helegitea aurkeztu daiteke.

Serranok dibortzioa "mendekatzeko" hil zuen semea

Frogatutzat eman zuen epaimahaiak Luis Serranok bere semea hil zuela, amaren aurkako "mendeku" bezala, dibortziatzeagatik. "Bat-batean" eta "ustekabean" labana bularrean sartuz hil zuen, Juleni defendatzeko inolako aukerarik eman gabe.

Bestalde, egiaztatutzat eman zuen, haurraren agonian zehar bere ondoan jarraitu zuela laguntzarik eskatu gabe, ondoan mugikorra eta leiho bat izan arren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Matxismoa gaur Haurtzaroa albisteak Erailketak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaiketak