Gizartea -
Gipuzkoa
Aldundiak Bidean biktimen zentroaren inguruko txosten bat egingo du
Arartekoak ere iragarri du ikuskaritza egingo duela "berehala". LABek langileak defendatu ditu eta Foru Aldundiari aurpegiratu dio erantzukizuna.
agentziak
Gipuzkoako Foru Aldundiak txosten bat "berehala" egitea agindu du, Bidean indarkeria matxistaren biktimen harrera zentroaren egoera argitzeko, erabiltzaile talde batek "eskubide urraketa" eta "tratu zabarra" salatu ostean.
Imanol Lasa foru erakunde gipuzkoarreko bozeramaleak adierazi duenez, Aldundiak "dagozkion neurriak hartuko" ditu, eta gaia "arreta handiz kudeatzeko" deia egin du.
Lasak prentsaurreko batean azaldu duenaren arabera, Aldundiak zentroaren egoera aztertuko du eta, beharrezkoa izanez gero, "irmotasunez" jardungo du. Era berean, erakundearen "baliabide guztiak" emakumeen esku jartzeko prestutasuna agertu du eta "babes osoa" helarazi die.
Horren ildotik, Lasak nabarmendu du "gai korapilatsua" dela eta "kontu handiz kudeatu" behar dela. Gainera, eragile guztiei "arduratsuak eta zuhurrak" izatea eskatu die. "Indarkeria matxista pairatu duten emakumeek lehentasuna dute, eta mesede baino kalte gehiago" egin genezake, ohartarazi du foru bozeramaleak, hortaz, "zuhurtziaz jokatzea" eskatu du "emakume horiek egoera zailean baitaude".
Lasaren hitzetan, batzuetan, zenbait datu azalaraztea arriskutsua izan liteke, indarkeria matxistaren biktima diren heinean; hori dela eta, "babes berezia" behar dute.
Arartekoak ere ikertuko du
Manuel Lezertua Arartekoak iragarri duenez, ikuskaritzarako bisita bat "berehala" egingo du, Bidean zentrora, erabiltzaile batzuen "zenbait kexa" jaso ostean.
Herri defendatzaileak, ohar batean, iragarri du zentroa "berehala" aztertuko duela, emakumeei, eta batzuetan haien seme-alabei ere, ematen zaien "arretaren kalitatea eta baldintza materialak" egiaztatzeko. "Leku horretan babestu behar izan dira pairatzen ari ziren indarkeriatik ihes egiteko".
LABek langileak defendatu ditu
LAB sindikatuak ziurtatu duenez, Bidean zentroko langileek "urteak daramatzate zerbitzuaren gabeziak salatzen". "Langileak jo-mugan" jarri direla kritikatu du, egoeraren erantzukizuna Foru Aldundiaren gain dagoenean.
Sindikatuak ohar baten bidez azaldu du bertan lan egiten duten zortzi langileetatik sei bajan daudela, eta haien lana defendatu du. Bestalde, zentroa "zahartuta" geratu dela salatu du.
Horrez gain, sindikatuaren arabera, zentroaren baldintzak "ez dira egokienak, emakumeei zerbitzu egokia emateko", "ez dago langile ratioa zehazten duen ebazpenik", eta gauez zein asteburuz langile bakarra dago.