Gizartea -
EPAIA
14 urteko espetxe zigorra, 11 urteko haur autista bat bortxatzeagatik Gasteizen
Erasotzaileak 60 urte zituen umea bortxatu zuenean. Sexu-erasoa egin ondoren, gertatutakoa kontatuz gero, 'burua hautsi' egingo ziola esan zion biktimari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arabako Lurralde Auzitegiak 14 urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio gizon bati, haur autista bat bortxatzeagatik Gasteizen.
Apirilean egin zen epaiketa. Fiskaltzak 16 urteko kartzela zigorra eskatu zuen auzipetuarentzat; akusazio partikularrak, 18koa, eta defentsak, absoluzioa.
Asteon kaleratu den epaian jasotzen denez, frogatuta geratu da 60 urteko gizonak 11 urteko mutila bortxatu zuela orain bi urte. Gainera, mehatxatu egin zuen bortxatzaileak haurra, gertatutakoa kontatuz gero "burua hautsi" egingo ziola esanez.
Espetxe zigorraz gain, kartzelatik ateratzen denerako, 10 urteko zaintzapeko askatasuna ere ezarri dio epaileak akusatuari, eta 20 urtean ezingo da biktimarengana hurbildu. Gainera, 50.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio biktimari.
Umearen familia "pozik" agertu da epaiarekin. Gertatutakoa frogatzea "konplexua" zela aitortu dute biktimaren etxekoek, ez zutelako "ez lekukorik ez froga fisikorik", eta bortxaketa izan eta hilabete batzuetara jarri zutelako salaketa.
Epaileak "sinesgarritasun osoa" eman dio adingabearen deklarazioari, eta haren psikologoak, psikiatrak eta hezitzaileak esandakoek ere pisu handia izan dute ebazpenean. Bortxatu ondoren, haurraren egoerak nabarmen egin zuela okerrera azaldu zuten denek.
Akusatuak ukatu egin zuen guztia epailearen aurrean. Umeari txakurrak gustatzen zitzaizkiola, eta berak txakurrak zituenez, umea maiz hurbiltzen zitzaiola deklaratu zuen.
Akusazioaren arabera, baina, umeak zuen gutxitasun psikikoa aprobetxatu zuen gizonak, txakurrak erakusteko aitzakian, umea etxera gonbidatu eta bertan bortxatzeko.
Auzipetuak Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko aukera du oraindik.