Gizartea -
Ikerketa
Elebiduna izateak laguntzen al du alzheimerraren garapena moteltzen?
Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroa boluntario bila dabil bi hizkuntza jakiteak gaitzarengatik babesten ote gaituen jakiteko.
Agentzia | Erredakzioa
Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak ikerketa bat abiatuko du aurki elebitasunaren eta alzheimer gaitzaren inguruan. Bi hizkuntza jakiteak gaixotasunarengandik babesten ote gaituen egiaztatu nahi du ikerketa guneak, ohar batean azaldu duenez.
Ikerlana egiteko boluntario bila dabil Donostiako zentroa: 65 eta 80 urte bitarteko 120 pertsona behar ditu, batzuk elebidunak eta beste batzuk elebakarrak.
Alzheimerra memoriari eragiten dion neuroendekapenezko gaixotasuna da. Memoriari ez ezik, pentsatzeko moduari, jarrerari eta izaerari ere eragiten dio. Gaitz sendagaitza da oraingoz. Hori horrela, prebentziorako gakoen ingurukoak dira ikerketa lerro ugari.
Jesus Cespon BCBL zentroko ikerlarietako batek azaldu duenez, egiaztatuta dago jardun fisiko eta intelektualek gaixotasuna garatzeko prozesua moteltzen dutela. Horrek ez du esan nahi gaitza garatuko ez dugunik, baina "konpentsazio mekanismo" gisa funtzionatzen dute. Eritasuna larria izan arte, gaixoak ohiko jarduna egin dezake.
Cesponek honakoak aipatu ditu "konpentsazio mekanismo" gisa: ariketa fisikoa egitea, ikasketa maila altua eta interakzio sozial ohikoa izatea eta esfortzu intelektual handia eskatzen duten lanbideetan aritzea.