Gizartea -
Martutene
Espetxera bidali dituzte atzo Donostian atxilotutako bi gizonak
Nazioarteko agindu bati jarraituta atxilotu zituzten. Horietako baten kasuan Schengen eskaera bat ere jaso zuen Ertzaintzak, "erradikalizazio jihadista" arriskuagatik.
agentziak | erredakzioa
Astearte goizaldean Donostian atxilotutako bi gizonak (21 urtekoak, biak), krimen antolatuarekin lotura dutelakoan, Martuteneko espetxera bidali ditu epaileak. Gainera, horietako baten kasuan, Schengen eskakizun bat zuen bere gain, "erradikalizazio jihadista" arriskua dagoelako.
Segurtasun Sailetik Europa Press albiste agentziari adierazi diotenez, bi atxilotuek epailearen aurrean deklaratu zuten, atxilotu eta ordu batzuetara. Horrezkero, epaileak kartzelara bidaltzea agindu zuen.
Atxiloketak 02:00etan izan ziren, nazioarteko agindu bati jarraituta, Frantzian deitutako "gaizkile talde" (krimen antolatua) delitua egotzita.
Atxilotuetako batek Brest espetxe frantziarretik ihes egin zuen duela egun batzuk. Gainera, Schengen eskakizun bat zuen bere gain, "erradikalizazio jihadista" arriskua dagoela iritzita, eta Frantziako Polizia bere jardueraren jarraipena egiten ari zen.