Gizartea -
MOBILIZAZIOA
Bardeako tiro eremuaren aurkako martxa egin dute
Tiro eremuaren aurkako asanbladak manifestazioak eta mobilizazioak beharrezkoak direla esan du. Bestalde, Nafarroako eta Aragoiko Gobernuen parte-hartzea aldarrikatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
300 lagun baino gehiago bildu dira Bardeako tiro poligonora egin den XXXI. Martxan, "egitura militarrak eraistea" eskatzeko. Espainiako Aire Armadak benetako misilekin egiten dituen maniobra bakarrak bertan egiten dira.
Bardeako Tiro Eremuaren Aurkako Asanbladak eta 'Gerrarik Ez' Aragoiko taldeak antolatu dute martxa, eta Milagros Rubio bozeramaileak nabarmendu duenez, poligono honek "ezin du parke natural eta munduko biosfera bateko parte izan".
"XXXI. Martxan bildu gara, eta justu bildu garen lekuaren ondoan, gizakiak hiltzen dituzten bonba eta misilak probatzen dituzte. Nazkagarria da", esan dute antolatzaileek. Gainera, "bakezale eta ekologistei prest egoteko deia" egin diete, "botereak egiten duen erresistentzia geroz eta handiagoa" izango delako.
Irakurri duten oharrean esan dutenez, Espainiako Gobernuaren eskumena da tiro poligonoa, baina "mobilizazioen presioa eta Nafarroako Gobernuaren erabakiak" eraginkorrak izan daitezke. Hori dela eta, mobilizazioei eutsi egingo dietela ziurtatu dute.
"Bardeako komunitateko udalek instalakuntza militar honen bidez dirua jaso beharrean, Nafarroako Gobernuaren bidez lortuko balute, errazagoa izango litzateke komunitatea poligonoaren eraispenaren alde egotea", jakinarazi du Asanbladak.