Gizartea -
Azterketak
11.000 ikaslek baino gehiagok hasi dituzte unibertsitatera sartzeko probak EAEn
Iaz baino % 5,5 gehiagok egingo dituzte aurten unibertsitaterako hautaprobak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAEn, Batxilergoko 10.447 ikaslek eta Lanbide Heziketako 804 ikaslek unibertsitatera sartzeko probak hasi dituzte gaur Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU).
Iazko datuekin alderatuta, % 5,5 gehiagok egingo dituzte aurten unibertsitaterako hautaprobak. Batxilergoko ikasle guztien artetik, 7.337k euskaraz eta 3.110ek gaztelaniaz egingo dute unibertsitatera sartzeko proba.
Bost azterketa egingo dituzte: Euskara eta literatura, Gaztelania eta literatura, Espainiako historia, atzerriko hizkuntza eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko derrigorrezko gaia.
Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta gehienez ere 10 puntu atera daitezke fase honetan. Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko notan 5 puntu edo gehiago lortuz gero, proba gainditutzat joko da, ikasleak fase orokorrean gutxienez 4 puntu lortu baditu. Batez besteko notaren % 60 Batxilergoari dagokio eta % 40 fase orokorrari.