Gizartea -
Epailearen aurrera
Neska adingabe bati sexu-abusuak egitea egotzita Basaurin atxilotutako gizona, aske
Basauriko dozenaka herritarrek elkarretaratzea egin dute San Migueleko Pinceles parkean, 19:00etan, sexu-erasoa gaitzesteko.
Agentziak | Erredakzioa
60 urteko gizon bat atxilotu zuten iragan asteazkenean, Basaurin (Bizkaia), neska adingabe bati sexu-abusuak egitea leporatuta. Epaileak galdekatu ondoren, akusatua aske utzi dute ostegun honetan, Segurtasun Sailak baieztatu duenez.
Gertakariak salatu ondoren ikerketa bat abiatu zuen Ertzaintzak. Susmagarria ekainaren 13an atxilotu zuten.
60 urteko gizonezkoari sexu-abusu delitu bat egotzi zioten. Akusatua epailearen esku utzi dute arratsaldean. Epaileak galdekatu eta aske uztea erabaki du.
Basauriko dozenaka herritarrek, Udaleko ordezkariek lagunduta, elkarretaratzea egin dute San Migueleko Pinceles parkean, 19:00etan, sexu-erasoa gaitzesteko. Berdintasun Kontseilua osatzen duten emakumeen elkarteek deitu dute protesta.
Basauriko Udalean ordezkaritza duten talde guztiek (EAJ, PSE-EE, Basauri Bai, EH Bildu, PP) “erasoa irmo arbuiatu dute” ostegun honetan. Era berean, “indarkeria matxistari aurre egiteko” konpromisoa berretsi dute.
“Indarkeria matxistarik ez onartzeko” konpromisoa agertu du Basauriko Udalak. “Emakumeek pairatzen duten egiturazko berdintasun ezaren ondorioa den indarkeria prebenitzeko eta saihesteko, gizartearen parte-hartzea sustatzeko” konpromisoa hartu du erakundeak.
“Emakumeen aurkako indarkeria ekintzak zigor gabe geratzerik ez dugu onartuko, eta beraien alboan gaudela gogorarazi nahi diegu erasoen biktimei; sinesten dizuegu eta lagunduko zaituztegu”, erantsi du.