Gizartea -
14 hegaldi bertan behera
Ehunka bidaiari hegazkina hartu ezinik geratu dira Loiun
Estatuko aireportuek Frantziako, Alemaniako, Italiako eta Erresuma Batukoekin dituzten loturak dira arazo gehien eragin dituztenak denboralea dela eta. AENAren arreta telefonoa: 902 404 704.
Erredakzioa
Europa astintzen duen hotza eta elurra dela eta, hamalau hegaldi bertan behera utzi dituzte Loiuko aireportuan, eta ehundik gora Estatuko gainerakoetan, AENAk jakinarazi duenez.
Hain zuzen, Alemaniarako zortzi hegaldi, Frantziarako bi, eta Erresuma Baturako beste bi bertan behera utzi dituzte Bilboko aireportuan. Forondako (Gasteiz), Hondarribiako (Gipuzkoa) eta Noaineko (Iruñeko) aireportuetan normaltasuna da nagusi.
Estatuko aireportuek Frantziako, Alemaniako, Italiako, Erresuma Batukoekin dituzten loturak dira arazo gehien eragin dituztenak. Hori horrela, Alemaniarekin 24hegaldi bertan behera utzi dituzte; Frantziarekin, 55; Italiarekin, 4 eta Erresuma Batuarekin, 85.
Europako aireportuen egoera
Parisko Roissy aireportuan bost mila bidaiarik aireportuan eman dute gaua eta Bruselako aireportuan bi mila bidaiarik hirugarren gaua dute gaurkoa.
Dena dela, denboraldea ari da pixkanaka amore ematen . Hala ere, milaka dira Europa osoko aireportuetan gaua pasatzen ari direnak, beraien hegaldirik ez delako atera eta ez dirudi egoera segituan konponduko denik.
Arazorik handienak Londreseko Heathrowko aireportuan sortu dira eta beste leku batzutan ere zuzeneko eragina izan dute. Heathrow bertako web orrian jada iragarri dute gaur ere hegazkinak ez direla normaltasunez ibiliko aireportuetan. Elurraren ondorioz pistak itxi eta soilik 7 hegaldi atera ziren atzo Londrestik.
Parisen ere atzerapen handiak izan dira Charles de Gaulle eta Orlyko aireportuetan. 5.000-6.000 badairi inguru daude Charles de Gaulleko aireportuan gaua pasatzen. Gogoratu behar da, era berean, asteburu osoan 15.000 lagun ere argi-indarrik gabe izan direla Frantzian.
Antzeko arazoak bizi izan dituzte azken orduotan Belgikan eta Holandan ere. Italian, berriz, atzo pixka bat egoera normaltzea lortu zen Pisa eta Florentziako aireportuak zabaldu ostean.