Publizitatea
X

Irratia zuzenean

'La Manada': Protestak Iruña, Bilbo, Gasteiz eta Donostian; 2018ko ekainak 21

Gizartea

Indarkeria matxista

Haserreak kaleak hartu ditu, 'La Manada' aske uzteko erabakiaren berri izan ondoren

eitb.eus

2018/06/21

Milaka pertsonak elkarretaratzeak egin dituzte Iruñea, Bilbo, Donostia eta Gasteizen, azken erabaki judiziala errefusatzeko.

2:46
  • Whatsapp
  • Bidali

“Ez da abusua, bortxaketa da” oihua Iruñeko Udaletxe plazan berriz entzun da arratsaldean, Nafarroako Lurralde-auzitegiak 'La Manada' taldeko bost zigortuak behin-behinean eta 6.000 euroko bermepean aske uzteko erabakia hartu ondoren.

“Emakumeak gara: ez dugu etsiko”, irakur zitekeen plazan zabaldutako pankarta handi batean. Udaltzaingoaren arabera, 3.000 bat pertsona elkartu dira protestan, nahiz eta toki txikia izan kontzertu bat emateko taula prest baitzegoen plazan.

Manifestariek beste pankarta bat erakutsi dute, “Ez da abusua, erasoa da, guk sinesten zaitugu” leloarekin; “Justizia hau kaka bat da”, “Ez, ez da, gainerakoa bortxaketa”, “Ar bortxatzailea, birrintzailera”, “Ahizpa, nik sinesten zaitut”, “Gora borroka feminista” edo “Aski da, justizia patriarkala” bezalako oihuak egiten dituzten bitartean .

Nafarroako Gobernua, Iruñeko Udala eta alderdi politikoetako ordezkariek protestarekin bat egin dute. Mobilizazioa mugimendu feministak deitu du sare sozialen bidez. Foru Exekutiboa eta hiriburuko Udala herri-akusazioa dira auzian.

Kolektibo feministako ordezkari batek agiri bat irakurri du. Erabakiak “haserrea” eta “sistema judizialaren aurkako arbuioa sendotzen ditu, heteropatriarkatuaren tresna delako”, adierazi duenez.

 

"Emakume guztientzako iseka da"

 

“Emakume guztientzako iseka da erabaki hau, gure indarra mespretxatu eta mugimendu bezala iraintzen gaitu; emakumeen segurtasuna ez da lehentasuna sistema judizialarentzako, eta justiziaren neurrigabekeria batez ere gurekin agerian geratzen da”, erantsi duenez.

Nahiz eta hasiera batean elkarretaratzea deitu, azkenean batzuek manifestazioa egin dute Nafarroako Lurralde-auzitegiaren egoitzara arte. Eraikinaren inguruan buelta bat eman dute.

Era berean, milaka pertsonak protesta egin dute EAEko hiru hiriburuetan, azken erabaki judiziala errefusatzeko. Bilbon, ehunka lagunek elkarretaratzea egin dute Miguel Unamuno plazan, pankarta baten inguruan: “Bai bakarrik, bai da” eta “bortxaketaren kulturari ez”.

Justiziaren aurkako oihuak egin dituzte manifestariek: “Ez da kasu bakana, patriarkatua da”, “Lasai ahizpa, hemen zure saldoa”, “Justizia hau kaka bat da” edo “Gaur kalean, bihar bortxatzen”.

Donostiako Asanblada Feministak deituta, milaka pertsonak kazerolada egin dute Gipuzkoako hiriburuan, 19:00etan, Boulevard Zumardian, 'Ez dago gure hitza epaituko duenik' lelopean.

Adin guztietako emakumeek parte hartu dute martxan. Ordezkari politikoek protesta babestu dute, besteak beste, Marian Beitilarrangoitia EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak, Reyes Karrere koalizioaren alkategaia eta Arantza Gonzalez Ezker Anitza-IUren Gipuzkoako koordinatzaileak.

 

 

Gasteizen, elkarretaratzea Andre Maria Zuriaren plazan egin dute milaka pertsonak, beste hiriburuetan bezalaxe.

 

 

Gainera, Euskal Herriko beste herri eta txoko askotan antzeko protestak egin dituzte.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Iruzkinak

Publizitatea
  • Publizitatea
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
    Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
          Kargatzen ikusiena