Gizartea -
FIRST LEGO LEAGUE
Nafarroako talde batek Global Innovation Award saria jaso du Kalifornian
Nazioarteko sariak 9-16 urteko gazteei laguntzea du helburu, uraren munduko benetako arazoei irtenbidea emateko, proiektu zientifikoen garapena sakontzeko diseinatuta.
Agentziak | Erredakzioa
"Fsingenium Team" taldeak, Nafarroako First Lego Leagueko parte hartzaileak, irabazi du aste honetan Global Innovation Award saria San Josen (Kalifornia, Ameriketako Estatu Batuak).
Global Innovation Award nazioarteko sariak 9 eta 16 urte arteko gazteei laguntzea du helburu, uraren munduko benetako arazoei irtenbidea emateko, proiektu zientifikoen garapena sakontzeko diseinatuta, Iruñeko Planetarioak ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Mundu osoko 32.000 talde aurkeztu ziren, eta 200 izendatu zituzten; horietatik 20 soilik aukeratu zituzten Kaliforniara joateko, konponbide berritzaileak defendatzera.
Nafarroako taldeak Kaliforniaraino bidaiatzeko aukera izan du, eta zehaztasun guztiak eman ahal izan ditu aurkitutako arazoaz, irtenbide berritzailearen garapenaz eta ezarriko lukeen moduaz, merkatu ikerketa eta inbertsio edota produkzio kostuak gehituz.
“Hidroball” proiektuarekin lortu dute nafarrek lehen saria. Baliabide hidrikoak optimizatzearen alde egin du, bereziki, ura nekazaritzan hobeto kudeatzeko.