Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakume bat hil du haren bikotekideak Zaragozan
Gizonezkoa atxilotu egin dute, bikotekidea hil duela esanez Aragoiko Poliziaren Goi Buruzagitzan aurkeztu ostean.
Agentziak | Erredakzioa
39 urteko gizonezko bat atxilotu dute astelehen honetan, Zaragozan, 37 urteko bikotekidea hil duela aitortu ostean, Aragoiko hiriburuko Las Delicias auzoan.
Polizia Nazionalak jakitera eman duenez, 05:00ak aldera gizon bat Aragoiko Poliziaren Buruzagitza Nagusiaren egoitzara joan da, eta bikotekidea hil duela esan die agenteei.
Poliziak etxebizitzara joan dira, Las Delicias auzoko Marcos Zapata kalean, eta emakumearen gorpua aurkitu dute, ez zuen indarkeria-zantzurik aurkezten, beraz, autopsiaren zain daude, heriotzaren arrazoiak egiaztatzeko.
Bikoteak 10 urteko alaba bat zuen, eta ez zegoen etxean gertaerak izan zirenean, Espainiako Gobernuak Aragoin duen Ordezkaritzaren arabera.
Agintarien esanetan, emakumeak ez du inoiz tratu txarrik salatu, eta bikotea ez omen zegoen banatzeko prozesuan.
Horren berri jasotakoan, Gobernuak Aragoin duen Ordezkaritzak banderak haga erdian jarri ditu, eta bat egin du indarkeria matxista gaitzesteko deitutako kontzentrazioekin. Gertatutakoa baieztatuz gero, aurten Aragoin bikotekideak hil duen lehen emakumea izan da, eta 17.a Espainian.
______________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.