Gizartea -
Nafarroako Auzitegia
11 urte eta erdiko kartzela-zigorra, Burlatako taberna batean lagun bat hiltzeagatik
Epaiketa ez da egin, bi aldeak akordio batera heldu direlako. Hiltzaileak barkamena eskatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Lurralde Auzitegiko lehen sekzioak 11 urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio Iruñeko bizilagun bati iaz, Burlatako taberna batean, gizonezko bat labankadaz hiltzea egotzita.
Epaiketa gaur hasi behar zen, baina ez da hala izan, alde guztiak akordio batera heldu direlako. Fiskaltzak hasiera batean 22 urteko espetxealdia eskatzen zuen, baina intoxikazio aringarria aintzat hartu duenez, defentsak zigorra onartu egin du.
Hilketa 2017ko urriaren 31n jazo zen. Biktima bere neskalagunarekin batera zegoen Burlatako La Nogalera tabernan, banku batean eserita, billarrean jokatzen hasteko zain. Ezustean, beste gizonezko batek atzetik eraso egin zion, labana bularrean sartuta, aurretik inolako eztabaida edo liskarrik izan gabe. Biharamunean hiltzaileak bere burua Poliziaren esku utzi zuen.
Erasotzaileak "pertsonalitate desoreka" duela eta "substantzia psikotropokoak eta alkohola" kontsumitu zituela eta, ondorioz, bere buru-ahalmenak kaltetuta zituela hartu dute kontutan.
Kartzelatik ateratzean, beste hamar urtez zaintzapeko askatasunean izango da eta debekatuta izango du bere bikotekide ohiarengana hurbiltzea. Gainera, biktimaren alabari 60.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio.
Gaurko saioan hiltzaileak hitza hartu du barkamena eskatzeko eta ezer gogoratzen ez duela esateko: "Oso gaizki nengoen eta ez dut ezer oroitzen. Sentitzen dut".