Gizartea -

Erasoen aurkako protestak

Iruñerriko feministek sanferminetako 'esku-sartze oportunistak' salatu dituzte

Esan dutenez, 'urte luzez' aritu dira 'eraso sexistarik gabeko jaien' aldeko borrokan. Euren hitzetan, txupinazora elastiko beltzez joateko deia 'adostu gabea' da, eta euren lana 'gutxiesten' du.

Iruñerriko mugimendu feministak egindako prentsaurrekoa. ETB
Feministek eta herri mugimenduek ez diote babesik eman sareetako ekimenari

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñerriko mugimendu feministak sanferminei begira sare sozialen bidez egin diren "esku-sartze oportunistak" salatu ditu. Horren ustez, txupinazora elastiko beltza jantzita joateko deiak "adostu eta kontrastatu gabeak eta helburu finko bakoak" dira, eta mugimendu horren "hamarkadako" lana "gutxiesten" dute.

Hainbat talde feministek eta herri mugimenduk biltzen dituen kolektiboak oharra kaleratu du bere jarrera argitzeko, eta prentsaurrekoan azaldu dute Iruñean.

Zuzenean aipatu ez duten arren, La Manada auzia ahotan hartu dute. Herritarren "ezinegon eta amorrua" ulertzen duten arren, "kasu bakarrean zentratzeak gainerakoak ikusezin" bihurtzen dituela ohartarazi dute, "garrantzia kenduz eta batez ere errealitatearekin zerikusirik ez duten elementuei garrantzia emanez". Feministon iritzian, "eraso guztiak dira garrantzitsuak, biktima guztiek behar dute babesa, intentsitate altu edo baxukoak izanda ere, eta erasook inoiz ez dute justifikaziorik".

Iratxe Alvarez eta Maddi Lasa Indarkeria Sexistaren kontrako Emakumeen Plataformako eta Bilgune Feministako kideek irakurri dute oharra, agiria izenpetu duten beste taldeetako ordezkariak ondoan zituztela. Aipatutakoez gain, sinatzaileen artean dira Emakume Internazionalistak, Farrukas, Andrea-Lunes Lila, Gora Iruñea! eta Iruñeko peñen federazioa.

Eraso matxisten kontra, urtez urte

Azaldu dutenez, "urte luzez ari dira mugimendu feminista eta herri mugimenduak eraso sexistarik gabeko eta guztiontzako jai parekideen alde lanean, bakoitza bere eremutik eta ditugun berezitasunak errespetatuz".

Hala, jaiei begira prestatutako kanpainak eta berritutako protokoloak ekarri dituzte gogora. "Urtetik urtera sanferminak emakumeontzako ahalik eta espazio seguruenak eta eraso sexistarik gabekoak izan daitezen gogor lan egiten dugu, gure artean lan bildu eta erabakiak gure artean konpartituz, kontrastatuz, akordioetara iritziz eta gure erabakiak era kolektiboan hartuz", azpimarratu dute.

Horri kontrajarriz, azken egunetan sare sozialen bidez zabaldu diren eta "zalantzazko jatorria duten" hainbat proposamen agertu direla deitoratu dute. Euren esanetan, "asko anonimoak dira, eta beste asko emakumeak ahalduntzeko ustezko helburuarekin eraso sexisten kontrako borrokan nazioarteko eredua den gure hiriari eraso egiten diote".

Iruñerriko mugimendu feministak salatu duenez, "gure hirikoak ez diren eragile eta kanpoko agenteek" sustatutako ekimen horiek "ez dute inolako eztabaida, kontsentsu, kontraste eta helburu finkorik eta hemengoek egiten dugun lana gutxiesten dute, euren asmoa hori ez den arren".

Are, eraso sexisten borrokan "kaltegarriak" izan daitezkeela ere uste dute. Aitortu dute ekimen guztiak "ongietorriak" direla, baina "erantzukizun politiko eta kolektiboz" jokatuta.

Hastear diren sanferminak "gure jaiak" direla nabarmendu dute, baina "arauak guk jartzen ditugu, eta gure espazio exijitu behar dugu, plazak hartuz, barre eginez, dantzatuz, antolaketan parte hartuz, kaleak eta agertokiak hartuz. Azken finean, guk nahi dugun moduan jaiak gozatuz", amaitu dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Iruñea Indarkeria matxista Nafarroa Sanferminak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Tratu txarren biktimak Matxismoa Feminismoa