Gizartea -
BAKE ETA BIZIKIDETZA ARLOAN
Nazioarteko terrorismoa eta gerrak, herritarrengan kezka gehien sortzen duten gaiak
Hori da Eusko Jaurlaritzak bake eta bizikidetza alorrean egindako azken ikerketaren emaitza.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak bake eta bizikidetzari buruz egindako azken galdeketaren arabera, nazioarteko terrorismoa eta gerrateak dira Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren artean kezka gehien sortzen duten gaiak (herritarren % 90k uste dute), bake prozesuaren eta elkarbizitzaren (% 85), migrazioaren eta errefuxiatuen aurretik (%84).
Ikerketa egiteko landa lana ekainaren 11tik 13ra bitartean egin zen, 900 telefono elkarrizketaren bitartez. Helburua herritarren iritzia jasotzea izan da, oro har, bakea eta bizikidetzaren inguruan, eta zehatzago erlijio musulmaneko komunitateari dagokionez.
Aurkeztutako gai ezberdinen artean, nazioarteko terrorismoa eta gerrateak dira herritarrak gehien kezkatzen dituena (% 70 asko eta % 20 nahikoa). Kezka handia sortzen bake prozesuak eta bizikidetzak ere (% 63 eta % 22, hurrenez hurren) eta immigrazioa eta errefuxiatuak (% 54 asko eta % 30 nahikoa).
2016an egindako ikerketarekin alderatuz, emaitzak antzekoak dira nazioarteko terrorismoari, gerrateei eta bake prozesuari dagokionez. Aitzitik, migrazioari eta errefuxiatuei buruzko kezkak bost puntu egin du gora eta arraza zein erlijio ezberdinen arteko elkarbizitzak, ostera, lau puntu.
Bake prozesuari lotuta, inkestatuen % 9k uste dute Espainiako Gobernua ondo edo oso ondo ari dela gai horretan. Gainera, 2014tik portzentaje hori bere horretan mantendu da. Eusko Jaurlaritzari dagokionez, erdiek Eusko Jaurlaritza ondo edo oso ondo ari dela uste dute, eta portzentajeak etengabeko gorakada izan du 2014tik hona (garai hartako % 31tik egungo % 50era).
Bestalde, elkarrizketatuen % 50ek uste dute Eusko Jaurlaritza ondo ari dela giza eskubideen babesean, % 43k biktimei dagokionez, % 42k errefuxiatutako pertsonekin eta % 37k nazioarteko terrorismoaren aurkako borrokan. Aldiz, %15 dira giza eskubideen defentsan gaizki ari dela uste dutenak.
Parte hartzaile gehienen iritziz, bizikidetza hobetzeko guztiok egin behar dugu ahalegin bat, atzerritarrek zein bertakoek (% 91 erabat ados edo ados). Halaber, % 65k uste dute beste talde etnikoetako etorkinek bertako bizitza kulturala aberasten dutela.
Bertakoen eta atzerritarren arteko bizikidetzaz galdetuta, harrena eta giroa ona dela uste dute (6,3 0tik 10erako eskalan). Dena den, balorazioa zerbait positiboagoa da atzerritik etorritakoen artean (7,4) bertan jaioetakoen artean baino.