Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Nagore Laffage oroitzeko ekitaldiak Irunen eta Iruñean, hilketaren 10. urteurrenean

Irungo udaletxeko balkoitik "Nagore, Zure oroimenez" dioen pankarta zintzilikatu dute. Gauean argi morea piztuko dute bi udaletxeetako fatxadetan, eta bere amak kanpaina hasi du change.org-en.

Nagore Laffageren senideek pankara bat jarri dute udaletxean. Argazkia: Irungo Udala
Nagore Laffageren senideek pankara bat jarri dute udaletxean. Argazkia: Irungo Udala
Nagore Laffage hil zutela, 10 urte

1:30

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur 10 urte, 2008ko San Fermin egunean, hil zuen Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage gaztea, sexu-harremanak izateari uko egin ziolako. Hiltzailea kalean da jada.

Nagoreren amak, Asun Casasolak, kanpaina abiatu du Change.org atarian sinadurak biltzeko, erasotzaileek alkohola kontsumitu izana "aringarri" izan ez dadin zigorra ezartzerako garaian.

Casasolak adierazi du Justizia aldatzea "mantso" joaten dela, baina 10 urte hauetan gutxienez, "mentalitate aldaketa" bat izan dela gizartean, "eta batez ere, emakumeengan". Zentzu honetan, bereziki nabarmendu nahi izan ditu "Manadaren biktimaren indarra eta adorea".

Pankarta zabaldu dute Irungo udalean

Irungo Udalak eta herriko emakumeek Nagore oroitu nahi izan dute gaur. Hala, haren amak "Por tu ausencia, Nagore, zure oroimenez" dioen pankarta zabaldu du udaletxeko balkoian.

"Herriak eta emakume taldeek Nagore eta bere sendia presente izan nahi dugu egun honetan, eta ekitaldi sinboliko hau egin dugu horregatik" esan dute Udaletik. Gauean, Iruñeko Udalak egingo duen bezala, argi morez argiztatuko dute udaletxeko fatxada, bi hiriak ere indarkeria matxistaren kontra lotuz.

Uztailaren 2an ehunka lagunek omenaldia egin zioten Nagore Laffageri Iruñeko Gaztelu plazan, bere hilketaren 10. urteurrenaren bezperan. Andrea eta Lunes Lilas taldeek ekitaldi horrekin, gainera, mezu argia zabaldu nahi izan zuten: "festa eta harreman igualitarioak behar ditugu, sexu-erasorik gabeak".

Aste honetan bertan, Helena Taberna zine-zuzendari altsasuarrak iragarri du "Nagore" dokumentalaren proiekzio eskubideak doan eskainiko dituela, uztailaren 6tik 17ra, edozein herri eta elkarteak proiekzio publikoak egin ditzaten, emakumeen kontrako indarkeriari buruzko eztabaida publikoak bultzatzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Indarkeria matxista Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak Matxismoa