Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Alkohola legez 'aringarri' izan ez dadin, sinadurak biltzen ari da Asun Casasola
Nagore Laffageren amak 150.000 sinadura bildu ditu bi egunetan. Egungo Zigor Kodean alkohola kontsumitu izana 'aringarria' da delituak epaitzerakoan eta hori aldatzeko eskaria eramango du Kongresura.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nagore Laffageren amak, Diego Yllanes psikiatrak 2008ko uztailaren 7an Iruñean sexu-harremanak izatera ukatzeagatik hil zuen erizaintzako ikasle gaztearen amak, sinadura bilketa hasi du change.org atarian, alkohola "aringarri modura hartu ez dadin" Zigor Kodean.
"Ezin dugu onartu bortxatzaileei zigorrak jaistea: mozkortuta daudela eraso egitea ez da aringarria" idatzi du Asun Casasolak bere eskarian. Bi egunetan 150.000 pertsonek sinatu dute eskari hori.
Casasolak Kongresura eraman nahi ditu sinadura guztiak, Zigor-Kodearen aldaketa eskatzeko, eta horrela, Nagoreren hilketaren epaian gertatu zena, Yllanes edanda zegoelako zigorra jaitsi izana, berriz ere ez gertatzeko.
Epai hark zihoen alkoholak akusatuaren "gaitasun intelektualean eta borondatean "modu arinean eragiten" zuela, eta ondorioz, gutxitu egin zioten kartzela zigorra. Aitzitik, Asun Casasolak dio "36 aldiz kolpatu" zuela "behin eta berriz, hil arte". "Ez zait inporta zenbat kopa edan zituen nire alabaren hiltzaileak bortxatzen saiatu eta hil zuen arte, egin zuen krimena baizik" adierazi du change.org.
Bere alabarengatik nahiz beste biktimengatik eskatzen du aldaketa: "ez dadila berriz gertatu. Justizia egin behar dugu emakumeok bortxatzen jarraitzen duen sistema honen aurrean".
Nagoreren aldeko ekitaldiak
10 urte bete ziren atzo Nagore hil zutenetik eta hainbat ekitaldi izan ziren. Irungo Udalean pankarta bat zabaldu zuten haren oroimenez eta Iruñeko udala morez argiztatu zuten gauean.
Aste osoan hainbat kontzentrazio eta ekitaldi izan dira.