Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Espainiako Gobernuak onespen kontzeptua gehitu nahi du sexu delituak zigortzerakoan
'La Manada' auziko epaiak eragindako polemikaren ostean, Sanchezen Gobernuak Zigor Kodea moldatu nahi du delituen izaera zehaztea epaileen interpretazioaren baitan gelditu ez dadin.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Sexu delituekin lotuta eta 'La Manada' auziko epaiak gizartean eragin duen haserrearen ostean, Espainiako Gobernuak onespen kontzeptua txertatu nahi du legedian. Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak baieztatu duenez, Gobernuak Zigor Kodea aldatu nahi du delitu mota zehaztea epaileen interpretazioaren baitan gelditu ez dadin. ""Emakume batek bai esaten ez badu, gainerako guztia ez da".
Gobernuak legedian zer aldaketa egitea aurreikusten duen galdetuta Carmen Calvok igandean eskainitako elkarrizketa batean aurreratu zuenez, eredu gisara Suediako legea hartuko dute. Izan ere, Suediako Zigor Kodearen arabera, emakume batek baietz esaten ez badu, erantzuna ez da. Are gehiago, berariazko onespenik ez duen sexu harreman oro bortxaketatzat jotzen du. "Formula aparta da, ezin gara interpretatzen aritu. Emakume batek hitzez adierazten ez badu, ez da", esan zuen.
Diputatuen Kongresuko Berdintasun Batzordean gaur egin duen agerraldian azaldu duenez, Espainiako Gobernua Zigor Kodea moldatzeko lanean ari da.
Calvoren esanetan, sexu delitu kasuetarako berariazko onespen kontzeptua gehitzea emakumea babesteko modu bat da. "Bai edo ez, ez dadila interpretaziorako aukerarik egon", azpimarratu du.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.