Gizartea -
MIGRAZIOA
30 migratzaile inguruk bi gau pasa dituzte Atxurin
Atxurigorri auzo elkarteak agintarien portaera salatu du, euren ustez ez dietelako migratzaileen beharrei behar bezala erantzuten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
30 migratzaile inguruk bi gau igaro dituzte Atxuriko kantxetan bertako bizilagunei esker, Atxurigorri auzo elkarteak zabaldu duen oharrak dioenez. Migratzaile batzuk iragaitzazko bidaiariak dira, beste batzuen helburua, aldiz, Bilbon bizitzen geratzea da.
Auzo elkarte honek nabarmendu du "bi egun hauetan, bizilagunen solidaritatea eta konpromisoak" ahalbidetu duela pertsona horiek Atxurin gaua pasatzea. "Solidaritate eta konpromiso hori ez dugu ikusten politikarien aldetik. Horiek dira egiturazko arazo honi konponbide osoa eman beharko lioketenak", salatu dute.
Autoritatea ere kritikatu dute bizilagunek. Diotenez ,"politikariek ez diete behar bezala kasurik egiten migratzaileen beharrei". Martxan jarri dituzten konponbideak ez direla nahikoak eta "premiazko beharrei" ez dietela erantzuten gaineratu dute.
Atxurigorri auzo elkarteak bere "egonezina" erakutsi du "azken egunetan politikariek egindako adierazpen ezberdinen aurrean"; horien artean "hartutako erabakiak nahikoa direla horien beharrak asetzeko" edo "migratzaileei hemen geratzen ez zaiela utzi behar".
Bizilagunek diote adierazpen horiek ez dutela errealitatea erakusten, eta ondorioz, agintariek "egia ezkutatzea" dela helburua. Gainera, "Atxuri auzoak duen sentikortasun sozialari" ez diotela erantzuten adierazi dute.
Atxurigorrik gainontzeko auzo elkarteei eta talde sozialei dei egin die euren auzoetan migratzaileak hartu eta horiek bizi dituzten muturreko egoerak salatzeko eskatuz.