Gizartea -

NAFARROAKO AUZITEGIA

Absolbitu egin dute adingabe batekin sexu harremanak izateagatik epaitutako gizona

Nafarroako Auzitegiko 1. Sekzioaren epaiaren arabera, salatzailearen testigantza oso sinesgarria ez izateaz gain, naturaltasunik gabea ere bada.

Iruñeko Justizia Jauregia. Artxiboko argazkia: EFE
Iruñeko Justizia Jauregia. Artxiboko argazkia: EFE
Iruñeko Justizia Jauregia. Artxiboko argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Auzitegiak absolbitu egin du 14 urteko neskato batekin sexu harremanak izatea leporatuta epaitutako 21 urteko iruindarra. Epaimahaiaren arabera, salatzailearen testigantza ezin da egozketa-froga gisa aintzat hartu, oso sinesgarria ez izateaz gain, naturaltasunik gabea ere badela argudiatuta. Epaia ez da irmoa eta aldeek helegitea aurkez dezakete.

Apirilaren 25ean egin zen epaiketan, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak (kasu honetan neskatoaren ama) 10 urteko kartzela zigorra eskatu zuten adin txikiko baten aurka egindako sexu abusu delitu jarraitu batengatik. Defentsak, ostera, absoluzioa eskatu zuen.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ohar bidez jakinarazi duenez, 2016an auzipetua Iruñean bizi zen, beste gazte batzuekin partekatutako etxebizitza batean; adin txikikoa, berriz, gurasoekin bizi zen, eraikin berean. WhatsApp bidez hitz egiten hasi ziren, epaiketak harremanetan nola jarri ziren zehaztu ez badu ere.

Epaimahaiaren iritziz, ez da egiaztatuta gelditu adin txikikoa akusatuaren logelan sartu zela eta sexu harremanak izan zituztela. Fiskaltzak eta salatzaileak bestelako iritzia zuten.

Magistratuek epaian nabarmendu dutenez, adin txikikoak ez zuen "berez, naturaltasunez" aurkeztu salaketa. Izan ere, neskatoaren ikastetxean eskola jazarpenaren aurka egindako esku-hartze baten ondorio izan zen. Ikerketa horien baitan, hezkuntza orientatzaileak jakin zuen neskatoak, ustez, bere bizilagunarekin izan ohi zituen sexu harremanen inguruko xehetasunak kontatzen zizkiela ikaskideei.

Behin adingabeak orientatzaile taldearekin izandako elkarrizketak aztertu eta hezkuntza zentroan zuen jokabidean "kontraesanak eta gezurrak" antzeman ostean, salatzailearen adierazpenetan "oinarrizko gabeziak" zeudela ondorioztatu zuten epaileek.

Neskatoak beldurra sentitu zuela aipatu bazuen ere, epaimahaiak ez du horren zantzurik hauteman.

Halaber, kontraesanak antzeman dituzte neskaren deklarazioan. Instrukzio fasean, kolpeak eta ukabilkadak aipatu zituen; aitzitik, epaiketan ez zuen kolpeen inguruan ezer esan eta bizilagunaren etxera "beldurragatik" joaten zela adierazi zuen.

Bestalde, Nafarroako Auzitegiak psikologoek egindako txostena aintzat hartu du, zeinen esanetan adin txikikoaren lekukotza ez da oso sinesgarria.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko albisteak Tratu txarrak Albisteak Nafarroa Epaiketak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa