Gizartea -
Arabako Probintzia Auzitegia
10 urteko zigorra 14 urteko neska batekin sexu-harremanak izateagatik, Gasteizen
Auzitegiak onartu du zigorra "handia" dela eta "saihestu litekeela" indultu partzialaren bidez eta zigorra etenda, Gobernu espainiarrak ebatzi bitartean, harremanak baimenduak izan zirelako.
agentziak | erredakzioa
Arabako Probintziak Auzitegiak 10 urteko kartzela zigorra ezarri dio 28 urteko gizonezko bati, adingabe batekin sexu-harremanak izateagatik. Neskak 14 urte zituen harremanak izan zituenean, eta baimenduak izan ziren guztiak.
Estatuan sexu-harremanak izateko gutxieneko adina 16 urtetan ezarrita dago, hori dela eta, gazteago diren adingabeekin harremanak izanez gero delitutzat jotzen da eta, sarketarik badago, kasu honetan bezala, zortzi eta 12 urte arteko zigorrak aurreikusita daude, Zigor Kodearen 183.1 artikuluak dioen moduan.
Auzitegiaren iritzian, "erabat frogatuta" dago akusatuak adingabearen adina ezagutzen zuela, "bere jarrera lagearen araberakoa ez zela" eta "delitua jarraitasunez" egin zuela, sexu-harremanak behin baino gehiagotan izan zituztelako.
Horregatik guztiagatik, 10 urteko espetxe-zigorra ezarri du, baina onartu du zigorra "handia" dela eta "saihestu litekeela" indultu partzialaren ezarrita eta zigorra etenda, Gobernu espainiarrak ebatzi bitartean.
Harremanak 2016ko abendua eta 2017ko otsaila bitartean gertatu ziren, akusatuak 26 urte zituenean. Harremana hasi zuten biek, eta sexu-harremanak izan zituzten neskak "kontrakorik" esan gabe, epaiaren arabera, Efek zabaldu duenez.
Harremana eten egin zen neskaren aitak Udaltzaingoari susmoen berri eman zionean, akusatuaren bikotekide ohiak ohartarazi ostean. Agenteak akusatuaren etxebizitzara bertaratu ziren eta neska ohean topatu zuten.
Auzitegiak frogatutzat ematen du akusatua neskatoaren adina "ezagutzen" zuela, eta gainera neskak ez duela zaharragoa egiten dion hazpegirik. Era berean, frogatuta dago sexu-harremanak behin baino gehiagotan izan zituela neskarekin, horregatik, 16 urte baino gutxiagoko adingabe bati sexu-abusu delitu jarraitua egin ziola ebatzi du.
Horrez gain, ukatu du aringarriak ezartzea adinak ez zirelako "antzekoak" (12 urtekoa da tartea) eta ez zegoelako "antzekotasunik" heldutasun mailan.
Halere, Auzitegiak esan du badakiela "zigorra handia dela", kasuaren "ezaugarriengatik" -baimendutako sexu-harremanak eta boluntarioak, adingabearen aldetik- eta "zorroztasun legala saihestea" proposatu du indultu partziala eginez.