Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakume gasteiztar baten hiltzailea bilatzen ari dira, espetxetik ihes egin ostean
Guillermo Fernandez Gasteizen emakume bat bortxatu eta hiltzeagatik zigortu zuten. El Duesoko (Kantabria) espetxera igandean itzuli behar zen, 26 urte eta erdiko kartzela-zigorra betetzen jarraitzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Estatuko segurtasun indarrak Guillermo Fernandez Bueno bilatzen ari dira. Astebeteko kartzela-baimen baten ostean El Duesoko (Santoña, Kantabria) espetxera itzuli behar zen. Bortxaketa eta hilketagatik zigortu zuten.
2000ko abenduaren 14an, Gasteizen, kafetegi bateko garbitzaile bat bortxatu eta hiltzeagatik 26 urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Iragan igandean espetxera itzuli behar zen, El Diario Montañes egunkariak argitaratu eta Espainiako Poliziaren iturriek baieztatu dutenez.
Igandean kartzelara bueltatzen ez zela ikusita, Santoñako espetxeak Polizia Nazionala eta Guardia Zibila jakinaren gainean jarri zituen asteleheneko lehen orduan, presoa bilatzeko eta atxilotzeko dispositibo bat abian jartzeko.
Horretarako, presoaren argazkia eta deskripzioa dute poliziek eta guardia zibilek, “adi egoteko” eskatuz; izan ere, Kantabrian edo inguruko erkidegoetan egon daiteke.
Espainiako Poliziak presoaren irudia zabaldu du sare sozialen bidez, eta herritarren laguntza eskatu du aurkitzeko.
Poliziako iturriek azaldu dutenez, bilaketa “orokorra” da, Estatu osoan, kartzela-baimenean “edozein tokira” joan ahal izan delako. Horrela, iturriek zehaztu dutenez, “litekeena da” Santanderren ez egotea, ezta Kantabrian ere.
Hala eta guztiz ere, “lasaitasuna” eskatu dute segurtasun indarrek, gizona topatzeko protokolo guztiak martxan direlako, eta “atxilotu eta berehala epailearen esku utziko dutelako”. Hala ere, ihes egindako hiltzailea “arrastoan sartu” eta Santoñako kartzelara itzultzea espero dute.