Gizartea -
Alerta poliziala
Ertzaintza erne, Santoñatik ihes egin duen presoa Euskadin egon daitekeela eta
Estefania Beltran de Heredia sailburuak azaldu duenez, presoak 'ezagunak ditu Gasteizen' eta, beraz, ez dute baztertzen gurean egotea.
Agentzia | Erredakzioa
Ertzaintza erne dago Guillermo Fernandez Santoñako El Dueso kartzelara itzuli ez zen presoa Euskadin egon daitekeela eta. Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gaur esan duenez, Ertzaintzak ikerketa zabaldu du Gasteizen emakume bat bortxatzea eta hiltzeagatik zigortutako gizonak Arabako hiriburuan "ezagunak" dituelako.
Gasteizen egon da, hain justu, Beltran de Heredia, Gorka Urtaran alkatearekin batera Udaltzaingoak eta Polizia Autonomikoak sinatu duten lankidetza hitzarmenaren aurkezpenean.
2000. urtean, Gasteizen, Ana Rosa Aguirrezabal bortxatu eta hiltzeagatik 26 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten Fernandezi. Horrez gain, beste bortxaketa bategatik bederatzi urteko zigorra ere bazuen. Hilabeteko baimenaren ondoren, igandean itzuli behar zen presoa El Dueso (Santoña, Kantabria) kartzelara, baina azaldu ez zela eta, alerta zabaldu dute. Espainiako Poliziak bere argazki bat zabaldu du (albiste honekin batera ikusgai dagoena), eta herritarrei laguntza eskatu die.
Auziaz galdetuta, Beltran de Heredia sailburuak esan du ez dutela baztertzen presoa Gasteizen egotea, "ezagunak" baititu. "Segurtasun alorrean ez dugu inoiz hipotesi bat ere baztertzen, sinesgaitzenak ere mahai gainean daude", argitu du.