Gizartea -
Gipuzkoa
21.000 litro ur behar izan zituzten Pasaiako Portuko sutea amatatzeko
Larrialdi Planak indarrean jarraituko du sugarrak berriro pizteko arriskurik ez dagoela egiaztatu arte.
Agentzia | Erredakzioa
Suhiltzaileek 21.000 litro ur behar izan zituzten atzokoan Pasaiako Portuan txatarrak su hartuta piztu zen sutea itzaltzeko. Zorionez, ez zen inor zauritu, eta ez zuten kea arnasteagatik inor artatu behar izan. Izan ere, hainbat kilometrora ikusgai zen ke zutabe beltz bat sortu zuen suteak, eta inguruko bizilagunei leiho eta ateak ixteko gomendatu zieten.
Pasaiako Portuko Agintaritzak (PPA) ohar batean azaldu duenez, Larrialdi Planak indarrean jarraitzen du gaur ere; sugarrak berriro pizteko arriskurik ez dagoela egiaztatzen dutenean utziko dute bertan behera. Langileak txatarra sakabanatzen ari dira, berriro su har dezakeen hondarrik egon ez dadin.
Gau guztian egon dira suhiltzaileak erretako materiala freskatzen. Portuko Agintaritzak ikerketa zabaldu du; oraingoz ez daki zer dela eta piztu zen sutea.
Ontzi britainiar baten txatarra
Sutea trinkotutako ibilgailuen txatarra muino batean piztu zen, 12:10 aldera. Newhavengo (Erresuma Batua) portutik etorritako Christine ontzia ari zen txatarra porturatzen. Ontziak 2.000 tona txatar zeramatzan, gehienak trinkotutako ibilgailuena, eta, beraz, material sukoi ugari zegoen bertan (pneumatikoak eta erregai hondarrak tartean).
12:14an indarrean jarri zuten Larrialdi Plana, eta aurreikusitako baliabideak mobilizatu zituzten. Hala, hauek bertaratu ziren: suhiltzaileak, atoiontziak, Ertzaintza, SOS Deiak, portuko gidariak eta amarratzaileak, Portuko Agintaritzako eta enpresa kontsignatarioko langileak. Suhiltzaileek zuzendu zuten operazioa.
Christine ontzia beste kai batera eraman zuten, "segurtasun arrazoiak tarteko eta bi atoiontzien lana errazteko". Ura botatzeko kanoiak erabili zituzten ontzi horietatik sua itzaltzen laguntzeko.
13:40an, txatarra deskargatzen ari zen garabira "segurtasunez" heltzea lortu zuten, eta 21.000 litroko edukiera duen isurketa-zali bat jarri zuten. Horri esker, ur kopuru handiak bota ahal zituzten garretara.
Portuko Agintaritzaren arabera, "arin erreakzionatzeak sutea kontrolean edukitzea ahalbidetu zuen". Agintaritzak Larrialdi Planaren "eraginkortasuna" goraipatu du, eta argitu du hura bertan behera geratu arte suhiltzaileak eta atoiontzi bat bertan izango direla.
Pasaiako Portuko Agintaritzak barkamena eskatu die bizilagunei, sute horren ondorioz eragindako eragozpenengatik.