Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon bat atxilotu dute Eibarren, bikotekidea buruan jo eta arrastaka eramateagatik

Biktima Mendaroko ospitalera eraman zuten kolpe ugari zituela. Ustezko erasotzaileak 31 urte ditu, eta aurrekari penalak ditu indarkeria matxistagatik.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indarkeria matxistagatik aurrekari penalak dituen 31 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak Eibarren, bikotekideari buruan ostikadak emateaz gain, lurretik arrastaka eramateagatik. Biktima Mendaroko ospitalera eraman zuten, kolpe ugari zituela.

Segurtasun sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak ipinitako salaketaren arabera, ostegun gauean gertatu zen erasoa, Eibarko Urki auzoko etxe batean.

Bikoteak eztabaida bat izan zuen, eta ondoren, emakumeari joka hasi zitzaion gizona, aurpegian hainbat zaplazteko emanda. Jarraian, lurrera bota eta ostikoak eman zizkion buruan, lurretik arrastaka zeraman bitartean.

Hainbat ertzain eta udaltzain bertaratu ziren abisua jaso zutenean. Biktima Mendaroko ospitalera eraman zuten zauriak artatzeko.

Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu zuen, tratu txarrengatik aurrekari penalak dituen 31 urteko gizona, indarkeria matxista leporatuta. Atxilotua gaur goizean eraman dute epailearengana.

---

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gipuzkoako albisteak Eibar Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea