Gizartea -
Espazioa
NASAk Parker sonda jaurtitzea lortu du, Eguzkia 'ukitzeko' asmoz
Eguzkiak ezkutatzen dituen misterioak argitzea da gaur abiatutako misioaren helburua, eta azaroan iristea aurreikusi dute.
Agentziak | Erredakzioa
Eguzkiaren koroan zehar ibiliko den lehen ontzia, Parker eguzki sonda, jaurti dute gaur Cabo Cañaveraleko basetik, aireratzea bertan behera utzi eta handik 24 ordutara.
Eguzkiak ezkutatzen dituen misterioak argitzea da gaur abiatutako misioaren helburua, eta azaroan iristea aurreikusi dute.
United Launch Alliance konpainiako Delta IV Heavy suziria, goizaldeko 03:31n atera da (07:31 GMT) NASAk Cabo Cañaveralen duen aire basetik, sonda barnean zuela.
Jaurti eta minutu gutxira, suziriak hiru propultsoreak askatu ditu, aurreikusita zegoen moduan.
Eguraldiaren iragarpena aldekoa zen (% 95ean), eta atzerapena eragin zuten arazoak konpondu ostean, NASAk gaurko programatu zuen misio “historiko” hori.
Eguzkitik hurbilagora iritsita informazioa bildu nahi du sondak. Orain arte ez dute inoiz egin.
Hala, Eguzkiaren atmosferaren eta azaleraren tenperaturen artean dagoen desberdintasunaren arrazoia argitu nahi dute adituek. Atmosferak milioi bat gradu baino gehiago ditu; azalerak, berriz, 6.000 gradu.
Urtetako ikerketa
Hainbat urte ikertzen aritu ostean, sondak halako tenperatura beroei nola aurre egiteko modua lortu zuten, "han bertan" ikertu ahal izateko. Lurrean baino 500 aldiz bero gehiago dago han.
1.400 graduko tenperaturak jasango dituen babes termiko bat da, eta ontziaren barruko tresnak 30 gradutan mantenduko ditu.
Sonda txikia da (65 kilo eta 3 metro luze). Eguzkitik 6 milioi kilometrora iritsiko da.
Gainera, orduko 700.000 kilometroko abiadura hartuko du sondak, orain arte lortutako abiadurarik azkarrrena.
Abiadura horrekin, New York eta Tokio arteko bidea minutu batean egingo litzateke. Hortaz, sonda azaroan iritsiko da Eguzkira.