Gizartea -
Migrazioa
'Aquarius' ontzia Maltan lehorreratu dute, bost egunez itsasoan itxaroten egon ostean
La Valletako portura iristeak amaiera jarri die itsasaldiko egunei, Europako hainbat herrialderen hasierako ezetza jaso ostean, horien artean, Italia eta Maltarena, haien lurretan lehorreratzeko.
Agentzia | Erredakzioa
‘Aquarius’ ontzia La Valletako (Malta) portura iritsi da asteazken arratsalde honetako lehen orduan, ostiralean erreskatatutako 141 migratzaileak lehorreratzeko, SOS Mediterranee gobernuz kanpoko erakundeak haren Twitter kontuan jakinarazi duenez. Mugarik gabeko medikuekin batera egiten du lan erreskate ontzian.
Maltako portura iristeak amaiera jarri die itsasaldiko bost egunei, Europako hainbat herrialderen hasierako ezetza jaso ostean, horien artean, Italia eta Maltarena, haien lurretan lehorreratzeko.
Maltako Gobernuak bere lurreko uretan sartzeko eta hiriburuko portura iristeko baimena eman ziela adierazi zuten aurrez Gobernuz kanpoko bi erakundeek, eta haien arindura azaldu dute, Maltarekin eta Europako beste herrialde batzuekin lortutako akordioagatik, horien artean Espainiarekin, ontzian doazen gainerako migratzaileak banatzeko.
Italiak ere parte hartuko du, azkenean
Asteazken honetan jakitera eman dutenez, Italiak, azkenean, bat egingo du Aquariuseko 141 migratzaileak hartuko dituzten beste bost herrialdeekin: "Aquariusen doazen migratzaile guztiak banatzeko bost Estatu kidek akordioa erdietsita, Italiako Gobernua Maltakoarekin harremanetan jarri da, ekimenean parte hartzea xede", dio agiriak. Ostegun honetan, Italiak baieztatu du 20 migratzaile hartuko dituela.
Gainerako herrialdeak hauek dira: Frantzia, Alemania, Espainia, Portugal eta Luxenburgo. Malta oinarri logistikoa izango da.