Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon batek emakume bati eraso dio Gasteizen, kalean
Ustezko erasotzailea, 53 urtekoa, atxilotu egin dute. Urruntze agindua zeukan ezarrita.
agentziak | erredakzioa
53 urteko gizon batek emakume bat jo du Gasteizen gaur goizaldean, eta Udaltzaingoak atxilotu egin du. Gizonak urruntze agindua zeukan indarrean.
Udaltzaingoak ohar baten bidez zabaldu duenez, erasoa 04:00ak jotzear zirenean gertatu da. Pertsona batek Udaltzaingoari deitu dio, Koroatzearen kalean eztabaida beroa izan dela eta gizon batek emakume bat jo duela ohartarazteko.
Polizia-auto bat bertaratu da, eta agenteek pertsona talde bat ikusi dute, eta gizon bat emakume bati erasotzen ari zela.
Agenteak ikusitakoan, erasotzaileak ihes egin du, korrika, baina handik gutxira atxilotu dute, ondoko kale batean.
Erasoa jasan duen emakumeak azaldu duenez, bikotekide ohiarekin topo egin du kalean (urruntze agindua du indarrean), eta iraindu, mehatxatu eta aurpegian jo duela salatu du. Lekuko batek berretsi egin ditu horren hitzak.
Hori dela eta, agenteek atxilotu egin dute erasotzailea, genero-indarkeriaren delitu bat leporatuta. Gaur bertan utziko dute epailearen esku. Emakumea, aldiz, Santiago Ospitalera eraman dute.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.