Itxi

2018/08/17

16:47

Gizartea

Iruñea

Foruzaingoak eta Polizia Nazionalak Maravillas gaztetxea hustu dute

eitb.eus

Operatiboa 05:00etan hasi da, eta kalera atera dituzte barruan zeuden gazteak. Bi pertsona ospitalera eraman dituzte, polizien oldarraldiengatik.

1:31
Maravillas gaztetxea
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Foruzaingoak eta Polizia Nazionalak osatutako operatibo baten bidez Maravillas gaztetxea hustu egin dute gaur, ostirala, Iruñeko Rozalejoko markesaren jauregian.

Foruzaingoak jakinarazi duenez, gaztetxea husteko operazioa 05:00etan abiatu dute, eta barruan zeuden 20 bat gazteak atera dituzte jada.

Dozenaka gazte elkartu dira jauregiaren inguruko kaleetan, operatiboaren aurka egiteko, eta agenteak haien aurka oldartu, eta tentsio uneak sortu dira.

Gaztetxetik salatu dutenez, bi pertsona ospitalera eraman dituzte, oldarraldi horien ondorioz.

Asteartean, Maravillas gaztetxeko kideekin hitz egiteko prest agertu zen Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea, baina "arazorik gabeko kanporatze ordenatua" eskatu zion kolektiboari. Gainera, Rozalejoko markesaren jauregia Gobernuaren jabegoa dela esan, eta eraikin okupatua "nafar guztiena" dela azpimarratu zuen.

Gaztetxea husteko prozedura judiziala abian dela azaldu zuen Barkosek, eta epeak ezin direla "nahi bezala luzatu" ohartarazi zien gazteei.

Hala, epaileak eraikina husteko agindua eman aurretik, "inorentzako arazorik gabeko kanporatze ordenatua" egitea eskatu zien gazteei.

Atzo, bestalde, Joseba Asiron Iruñeko alkateak adierazi zuenez, Maravillas gaztetxearen "aldebakarreko husteak zatiketa handituko luke".

"Elkarrizketarako garaia iritsi da; alde guztiak elkartzeko ordua da, azken finean, denon nahia horixe baita", esan zuen.

Edozelan ere, hala eskatuz gero, "elkarlanean aritzearen alde" agertu zen Asiron.

Arrautzak, EAJren egoitzaren kontra

EAJk Nafarroan duen egoitzaren kontra, ostiral honetan, arrautzak eta beste hainbat objektu bota dituzte, hustea amaituta. EAJ Foru Gobernuan agintzen duen Geroa Bai koalizioan dago; "erasoa" salatu du EAJk, eta "faxismo hutsa" delakoan dago.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;