Gizartea -
Zigorra
Kartzelara, emakume bat hiltzen saiatzeagatik, etxeari su emanda, Bilbon
Hiru urte eta erdiko kartzela-zigorra jarri diote, haren ezaguna zen emakume bat hiltzen saiatzea egotzita. Sutan zeuden paperak bota zizkion etxeko leiho batetik barrura, lotan zegoela aprobetxatuta.
Agentzia | Erredakzioa
Bizkaiko Probintzia Auzitegiak hiru urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri dio gizon bati, haren ezaguna zen emakume bat hiltzen saiatzea egotzita. Sutan zeuden paperak bota zizkion etxeko leiho batetik barrura, lotan zegoela aprobetxatuta.
Auzitegiak sutea eragiten eta giza hilketa egiten saiatzea egotzi dio, eta 10.790 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari, jasan zituen lesioengatik eta ondorioengatik.
Bizkaiko Auzitegiko bigarren sekzioak eman duen epaiaren arabera, frogatutzat geratu da 2017ko apirilaren 29an zigortua biktimarekin eta haren bikotekidearekin zegoela, azken horren etxebizitzan, Bilbon. Emakumeak bertan lo egin ohi zuen.
Ordu batzuk geroago, 02:00ak aldera, hirurak pisutik irten ziren, zerbait hartzera, eta kalean zirenean, bi gizonezkoak elkarrekin eztabaidatzen hasi ziren, eta auzipetuak bizikleta bat jaurti zion biktimaren mutil-lagunari. Ez zion lesiorik eragin, ez zuelako harrapatu.
Bikotekideak bertatik alde egiteko eskatu zion gizonezkoari, eta oso oldarkor azaldu zen orduan; azkenean, hartaz "libratzea" lortu zuten. Behin etxean zeudenean, emakumea ohean sartu, eta lo geratu zen, eta gizonezkoa kalera joan zen berriro.
Geroago, 07:40 aldera, auzipetuak bikotearen "osotasun fisikoa arriskuan jartzeko asmoz" eta "itota hiltzeko arriskua zegoela ikusita, lotan zeudela pentsatuta", hainbat arropari eta egunkariri su eman zien eta sukaldeko leihotik sartu zituen.
Ondorioz, sutea eta kea etxetik zabaldu ziren, eta biktima lotan zegoen gelara iritsi ziren. Ertzaintzak erreskatatu zuen, herritar batek ohartarazi ondoren. Biktima ospitalera eraman zuten artatzera, kea arnastu baitzuen, eta egun bat eman behar izan zuen sendatzeko.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.