Gizartea -
ASTE NAGUSIA 2018
Jaietan bi eraso sexista izan direla salatu dute Bilboko Konpartsek
Konpartsek argitu dutenez, erasoak larunbat gauean jazo ziren. Igande arratsaldean, elkarretaratzea egin dute Areatzan, "kaleak emakumezkoenak ere" direla aldarrikatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Larunbat gau honetan, Bilboko Aste Nagusiko jaietan bi eraso sexista izan direla salatu dute Bilboko Konpartsek. Horren harira, elkarretaratzea egin dute igande arratsaldean, erasoak gaitzesteko eta horren inguruko xehetasun gehiago emateko (Ertzaintzaren aurrean ez dute salaketa ofizialik aurkeztu).
Konpartsek azaldu dutenez, erasoak txosna-gunetik kanpo jazo ziren, eta genero-indarkeriarekin lotutako kasuak kudeatzeko Bilboko Konpartsek sortutako batzordeari eman zioten horren berri hainbat herritarrek.
Besteak beste, Zorion Egileor pregoilariak eta Saioa Dominguez txupinerak parte hartu dute elkarretaratzean, eta, horren amaieran, konpartsetako kideek agiria irakurri dute. "Hainbat lagunek eskainitako informazioari esker hori egiaztatu eta baieztatu ostean, erasoei aurre egiteko protokoloa aktibatu genuen", azaldu dute.
Bertan egindako salaketaren arabera, eraso sexistek "emakumezkoen giza eskubideen urraketa dakarte, eta espazio publikoaz eta, oro har, jaiaz gozatzeko gure eskubidearen aurka doa".
Konpartsek ohartarazi dutenez, "ez dugu horrelako jarrerarik onartuko", eta "ezin dugu beste alde batera begiratu". "Egunero emakumeei askatasunez aritzea galarazten dien indarkeria sexistagatik gogaituta gaude", azpimarratu dute.
"Kaleak, gaua, jaiak emakumezkoenak ere dira", esan dute, "eta erasorik gabeko esparruak nahi ditugu, baldintzarik gabe emakumeok gozatu ahal izateko".
Amaitzeko, konpartsek lapiko-protesta deitu dute 00:00etarako, txosnetan.