Gizartea -
indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Mungian, bikotekideari labana batekin eraso egitea leporatuta
Emakumeak kalera irtetea lortu du, baina erasotzaileak atzetik jarraitu dio, eta lurrera bota eta arrastaka eraman du. Atxilotua datozen orduetan eramango dute epailearen aurrera.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak 33 urteko gizon bat atxilotu du ostiral goizaldean Mungian (Bizkaia), genero-indarkeriaren delitua leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
02:30ean, Ertzaintzak bizilagun baten deia jaso du, gizon batek emakume bati kalean eraso diola jakinarazteko.
Ertzaintza eta Udaltzaingoa erasoa izan den tokira joan dira, eta bikotekideak gorputz osoan kolpeak eman dizkiola esan die emakumeak.
Horren esanetan, etxean eztabaida izan ostean, atxilotuak labana bat hartu du, eta eraso egin dio. Emakumeak azaldu duenez, kalera irtetea lortu du, baina erasotzaileak atzetik jarraitu dio, eta lurrera bota eta arrastaka eraman du.
Ertzaintzak gizona atxilotu du, eta emakumea Urdulizko Ospitalera, anbulantzian.
Atxilotua datozen orduetan eramango dute epailearen aurrera.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.