Gizartea -

Migrazioa

Bidean dauden 3.204 migratzaile artatu dituzte Euskadin azken bi hilabeteotan

Euskal erakundeen eta Gurutze Gorriaren laguntza jaso dute. Amilibia sailburuordeak nabarmendu duenez, lanean jarraitzen dute erakundeek, "etengabeko aldaketan dagoen egoera baterako moldatzea xede".

3.204 migratzailek jaso dute laguntza 2018ko udan. Argazkia: EiTB.
3.204 migratzailek jaso dute laguntza 2018ko udan. Argazkia: EiTB.
3.204 migratzailek jaso dute laguntza 2018ko udan. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal erakundeek, Euskadiko Gurutze Gorriarekin elkarlanean, bidean dauden 3.204 migratzaile artatu dituzte ekainaren 28tik; Europako iparralderako bidean dauden pertsona horiek, guztira, 3.465 gau eman dituzte gurean.

Ohar baten bidez, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak jakinarazi du aurreko astean 481 lagun artatu zituztela Euskadin baliabide horien bidez.

Baliabide horiek abian jarri zituztenetik, 2.687 janari-txartel baino gehiago prestatu eta 1.906 eman dituzte. Horrez gain, 400 jantzi-txartel prestatu eta 306 banatu dituzte.

Koordinazio Mahaia astero biltzen da

Horren esanetan, Gobernuak astero biltzen du Koordinazio Mahaia, eta erakunde hauek daude bertan: Eusko Jaurlaritza; Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiak; Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Irungo Udalak; Euskadiko Gurutze Gorria; Harresiak Apurtuz; Caritas eta CEAR.

Sailburuordeak azaldu duenez, topaketa horien helburua da larrialdietako harreraren aldi baterako baliabideen kudeaketa aztertu eta optimizatzea. Baliabide horien hartzaile kostaldetara iritsi eta bidean dauden migratzaileak dira; itzultze-agindua dute, eta Estatuan 30 egun baino gutxiago daramatzate.

Amilibiak gogora ekarri duenez, Euskadin larrialdietako aldi baterako harrerako 213 plaza daude. Horietako 88 Bilbon daude; 35, Gasteizen; 30, Donostian; eta 60, Irunen. Harrera-lana Euskadiko Gurutze Gorriak hartzen du bere gain, euskal erakundeekin duen lankidetza-akordio baten ondorioz.

Horren arabera, honakoa eskaintzen diete sarbide-baldintzak betetzen dituzten lagunei: aholkularitza (lehen harrera batean), ostatua, janaria, edaria eta wifi sareen bidezko komunikazio-konexioa.

Gizarte Politiketako sailburuaren hitzetan, "migratzaile-prozesua lehengoratzen duten bitartean eskaintzen zaie ostatua migratzaileei", eta "Euskadira iritsitako askok gau bat soilik eman dute baliabidean", adierazi du.

Nolanahi ere, "kontuan izanik talde batzuek ahultasun berezia dutela, euren ardurapean adingabeak dituzten emakumeak edo eriondo diren pertsonak kasu, beharrezkoa den epean jasotzen dute laguntza migratzaile horiek", gaineratu du.

Baliabide horietara iristen diren pertsonei osasun-laguntza ere ematen zaiela azaldu du; hasieran, Euskadiko Gurutze Gorriak ematen die, eta, gero, behar izanez gero, Larrialdietako Zerbitzuek, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin elkarlanean.

"Ezohiko migrazio-mugimendua"

Amilibiak esan duenez, "une honetan, ezohiko migrazio-mugimenduak daude, oraindik ere; migratzaile horiek hainbat gatazkatatik edo muturreko pobreziatik ari dira alde egiten". Horren aurrean, erakundeen arteko mahaiak lanean jarraitzen du, bidean dauden migratzaileei beharrezko laguntza emateko, "larrialdietako baliabideak etengabeko aldaketan dagoen egoera batera moldatuta".

"Mahai hau astero biltzen da, eta, gainera, egunero egoten gara harremanetan, egoerari aurrea hartzeko eta eman beharreko arreta planifikatu eta antolatzeko", berretsi du.

"Erronka da egokitzea, egoera zein den kontuan hartuta, eta une oro erantzun zuzena ematea", sailburuordearen iritziz, eta "elkarlan konstruktiboa egiteko" deia egin du; izan ere, erantzun ona emateko modurik onena da Europa mailako erakundeen arteko jarduera programatu bat prestatzea, "Estatu, herrialde eta eskualde guztiak tartean sartuz".

"Euskadiko Gurutze Gorriaren lan bikaina goraipatu nahi dut, berriro ere; horiek eta euren boluntarioak lan handia ari dira egiten uda honetan bidean dauden migratzaileei ematen ari zaien laguntzan", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak migrazioa Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa