Gizartea -

Indarkeria matxista

Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen, bikotekideei eraso egitea egotzita

Udaltzaingoak 35 urteko bi gizon atxilotu ditu, genero indarkeria delitua leporatuta. Epailearen aurrera eraman dituzte biak.

Eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

35 urteko bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen, bikotekideei eraso egitea leporatuta, Gasteizko Udaltzaingoak astelehen honetan ohar baten bidez jakitera eman duenez. Genero indarkeria delitua egotzi diete biei.

Ostiral goizean, erasoa jasan zuen emakume batek lagun batekin batera jarri zuen salaketa Gasteizko Udaltzaingoan. Izan ere, 07:30ean, bikotekideak Aranbizkarra auzoan duen etxebizitzan eraso egin ziola azaldu zien emakumeak udaltzainei.

Eraikineko eskailera-buruan bere bikotekidea zain zegoela ikusi zuen eta, hitzik esan gabe, aurpegian bi aldiz jo zuen. Jarraian, iletik hartu eta mehatxu egin ostean lurrera bota zuen.

Lekura hurbildu ziren udaltzainek Ospitalera eraman zuten emakumea, eta, bitartean, beste udaltzain batzuk bikotekidearen etxera joan ziren. Gizona oso harrituta agertu zen, eta ez zuela ezer gogoratzen ziurtatu zien poliziei.

Emakumeak jarritako salaketaren aurrean, Udaltzaingoak gizona atxilotu eta epailearen aurrera eraman zuen, genero indarkeria delitua leporatuta.

Atzo, igandea, 07:00ak aldera, Udaltzaingoak herritar baten telefono deia jaso zuen, Fernandez de Leceta kalean bikote batek eztabaida handia izan zuela ohartaraziz. Halaber, gizonak emakumea iletik hartu eta tiraka taberna barrura sartu zuela azaldu zien herritarrak. Abisuaren berri izan ondoren, bikotea taberna barruan zegoela ikusi zuten bertaratu ziren udaltzainek.

Aurpegia, besoak eta hankak zaurituta zituen emakumeak, eta udaltzainei azaldu zienez, erasotzailea bere bikotekidea izan zen. Gizonak, eztabaida izan zutela aitortu zuen arren, emakumeari eraso egin izana ukatu zuen.

Bien adierazpenak entzun ostean, udaltzainek 35 urteko gizona atxilotu zuten, eta goizean utzi dute epailearen esku.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Gizartea Gasteiz berriak Gaurko azken ordukoa Matxismoa