Gizartea -

Eraso sexista

Elgoibarko jaietan emakume batek eraso sexista jasan duela salatu dute

Emakumeak genero-indarkeriagatik jarri du salaketa. Ostegun honetan, 19:00etan, elkarretaratzea egingo dute, eraso hori gaitzestea xede.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Narrutsik Elgoibarko Feministak taldeak herri horretako jaietan emakume batek eraso sexista jasan duela salatu du. Halaber, elkarretaratzea deitu du ostegun arratsalderako, erasoa gaitzestea xede; Udalak bat egin du elkarretaratze horrekin.

Udal-iturriek azaldu dutenez, erasoa 04:00ak aldera gertatu zen, asteazken goizaldean, San Bartolome jaietako azken gauean, Maala parkeko txosnagunean. Horien arabera, gizon batek ukituak egin zizkion emakume bati, eta horrek istiluak eragin zituen; 20 bat urteko hainbat gaztek hartu zuten parte istilu horietan.

Hori inork ez du salatu Ertzaintzaren edo Elgoibarko Udaltzaingoaren aurrean, nahiz eta hainbat lekukok ikusi zuten. Biktimak, baina, salaketa jarri du, Ertzaintzaren aurrean, genero-indarkeria egotzita. Ertzaintzak eitb.eus-i jakitera eman dionez, eginbideak abiatu dituzte, eta 21 urteko gazte bat ari dira ikertzen.

Narrutsik Elgoibarko Feministak taldeak sare sozialetan jakinarazi duenez, "eraso sexista" izan da, eta elkarretaratzea deitu du gaur arratsalderako; 19:00etan egingo dute, Kalegoen Plazan.

Udalaren "gaitzespena eta arbuioa"

Elgoibarko Udalak eraso hori gaitzetsi eta arbuiatu du, baita indarkeria mota guztiak ere. Halaber, Udalak bere laguntza eskaini dizkio biktimari, eta, aurrekoetan bezala, bere baliabide guztiak jarri ditu haren esku.

Azkenik, elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die Udalak herritarrei.

________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak umeak Tratu txarrak Gaurko albisteak Gipuzkoa Elgoibar argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako gida