Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon batek emakume bati eraso dio Getxon
Genero-indarkeria egotzita atxilotu dute, eta datozen orduetan eramango dute epailearen aurrera. Emakumea, berriz, Urdulizko Ospitalera eraman dute.
Agentziak | Erredakzioa
Getxoko Udaltzaingoak 38 urteko gizon bat atxilotu du ostiral honetan, bikotekideari eraso egitea egotzita. 30 urteko emakumea Urdulizko Ospitalera eraman dute, gizonak egindako zauriak sendatzeko, Getxoko Udalak ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Udaltzaingoak herritar baten deia jaso du 04:40 aldera, gizon batek emakume bat jo duela ohartarazteko. Udaltzainak bertaratu direnean, bikotekideak eraso egin diola azaldu die biktimak.
Emakumea Urdulizko Ospitalera eraman dute, zauriak sendatzera, eta alta eman diote. Ondoren, emakumeak salaketa jarri du Getxoko Udaltzaingoaren polizia-etxean.
Agenteek gizona atxilotu dute, genero-indarkeria delitua leporatuta, eta gaur bertan utziko dute epailearen esku.
Keltse Eiguren Getxoko Udaleko Berdintasun Zerbitzuko zinegotziak erasoa gaitzetsi du, eta "indarkeria sexista giza eskubideen urraketa larria" dela azpimarratu du. Horren harian, tratu txar fisiko edo psikikoak jasaten dituzten emakumeei salaketa jarri eta Gizarte Zerbitzuetara jotzeko eskatu die, bertan laguntzeko prest baitaude.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.