Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Zurriolako hondartzan izandako bortxaketa gaitzetsi du Donostiako Udalak
Halaber, sexu-erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu Udalak astearte honetan, 12:00etan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiako Udaletxeko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzional bat onartu du igande goizaldean emakume bati Zurriolako hondartzan egindako sexu-erasoa gaitzesteko. Gainera, bortxaketa salatzeko elkarretaratzea deitu dute astearte honetan, 12:00etan, udaletxearen atarian. Halaber, gertakaria arbuiatzeko hirian izan daitezkeen beste mobilizazioekin bat egingo du Udalak.
Adierazpen instituzional horren bidez, Udalak igandean gertatutako sexu-erasoa "irmotasunez" gaitzetsi du eta biktimari eta haren senideei elkartasuna eta babesa helarazi dizkie. Ildo berean, Udalaren bitarteko guztiak –laguntza juridikoa, soziala nahiz sikologikoa- biktimaren eskura jarri ditu.
"Horrelako erasoak indarkeria matxistaren adierazpenik doilorrenaren erakusgarri dira eta Donostiako Udala horren kontra dago", azpimarratu du Udalak.
"Ezinbestekoa da baloreen eta emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren hezkuntzan lanean segitzea eta, aldi berean, ezinbestekoa da egunez egun jardutea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreen gainean", erantsi du.
Bestalde, Eneko Goia alkateak onartu du Zurriola hondartza arriskutsua izan daitekeenaren sentsazioa zabaldu dela, azken bi erasoak eta Aste Nagusian izandakoak han gertatu direlako. Alabaina, uste hori okerra dela esan du.
"Eraso batzuk Zurriolan izan dira, baina beste batzuk beste toki batzuetan. Ez dut uste zuzena dela eraso guztiak zona horretan kokatzea. Horrek ez du esanahi Zurriolan adi egongo ez garenik. Alderantziz, agenteak zonalde horretan arreta handiz ari dira", zehaztu du.
Hiri guztiko zonalde guztiak zorrotz zaintzea oso zaila dela esan du Goiak. Hala ere, "Hiri Segurtasuneko zinegotziarekin hitz egin dut Zurriola inguruan adi egon daitezela eskatzeko", erantsi du.