Gizartea -

Indarkeria matxista

Ertzaintza gizon baten bila ari da, Hondarribian bikotekide ohia jo duelakoan

Dozenaka pertsonak elkarretaratzea egin dute, eraso matxista gaitzesteko.

Hondarribian izandako erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute

0:26

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintza gizon baten bila ari da, Hondarribian (Gipuzkoa) ostiralean bikotekide ohia jo zuelakoan. Udalak gaitzetsi egin du ustezko eraso matxista hori, eta elkarretaratzea egin du astearte arratsaldean.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, abuztuaren 31n, 15:25 aldera, gizonak ustez biktima kolpatu zuen, Hondarribiko Zumardia inguruan.

Horren arabera, susmagarria dagoeneko identifikatu dute, eta Ertzaintza haren bila dabil, hura aurkitu eta atxilotzeko asmoz, genero-indarkeria egotzita.

Bestalde, Hondarribiko Udalak adierazpen instituzionala egin du, eraso horren aurrean "erabateko gaitzespen irmoa" agertu eta biktimari "hurbiltasuna eta elkartasuna" helarazteko.

"Eraso horrek gizon-emakumeen arteko errespetuzko bizikidetza urratu du, eta tankera horretako eraso guztiak, giza eskubideen urraketa diren neurrian, Hondarribian lekuz kanpo daudela nabarmendu nahi du Hondarribiko Udalak, pertsona guztiek, emakume nahiz gizasemek, elkarrekin duintasunez bizitzeko eskubidea baitugu", dio Udalaren adierazpenak.

"Herritarrok eta erakundeok indarkeria matxistari aurre egiteko dugun borondate sendoa ere gogorarazi nahi dugu, indarkeria-mota hori prebenitzea, detektatzea eta horri erantzuna ematea denon egitekoa baita", gaineratu du.

 

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Indarkeria matxista Gipuzkoa Delituak Hondarribia Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa