Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Urte eta 9 hileko zigorra gizon bati, adingabe bati sexu-gehiegikeriak egiteagatik
Bartzelonatik Donostiara zihoan tren batean, gizonak ukituak egin zizkion adingabeari bere onespenik gabe.
agentziak | erredakzioa
Gizon bati urtebete eta 9 hilabeteko kartzela zigorra jarri diote adingabe bati sexu-gehiegikeriak egiteagatik. Neskatoari hanka eta hankartea ukitu zizkion ibilbide luzeko tren batean, Bartzelonatik Donostiara bidean.
Efek zabaldu duen ebazpenean agertzen denez, 2017ko apirilaren 7an izan zen erasoa. 17 urte zituen biktima eta erasotzailea ondoan eseri ziren Bartzelonatik Donostiara zihoan trenean.
"Bidaia hasi eta berehala akusatuak ongi ote zegoen galdetu zion neskari", izan ere, neska "mahaian jarrita" zegoen. Adingabeak baietz erantzun zion eta isilik joan ziren Zumarraga (Gipuzkoa) aldera iritsi arte.
Bidaia amaitzeko minutu batzuk falta zirenean, 20:45 aldera, gizonak belaunean jarri zion eskua adingabeari, eta gero eskua igo zuen hankarteraino. Orduan, neskak zer ari zen galdetu zion eta gizonak atzera egin zuen.
Donostiako geltokira iritsi zirenean, adingabearen gurasoak bertan zeuden, eta neskak berehala esan zien gizonak "eskua sartu" ziola. Gizona geltokitik ateratzen ari zen neska-lagunarekin batera.
"Berehala", biktimaren ama erasotzailearengana joan zen eta, inguruan poliziarik ez zegoela ikusita, alabari zer egin zion galdetu zion. Erasotzaileak barkamena eskatu zion.
Ebazpenean biktimaren bertsioa onartu dute, izan ere, gizonak hanka ukitu ziola soilik onartu du, eta zer moduz zegoen galdetu zionean bakarrik ukitu ziola hanka.
Ebazpenean agertzen denez, biktimaren bertsioak "sinesgarritasuna" du "sendoa eta berretsia" delako.
Horregatik, sexu-gehiegikerien egile gisa zigortu dute gizona, eta kartzela-zigorraz gain, urtebetez ezingo du adingabeekin harremanetan egotea eskatzen duen kargu edo lanpostu publikorik izan, eta zaintzapean egongo da urtebetez kartzela-zigorra bete eta gero.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.