Gizartea -

KASEDAKO GERTAKARIAK

Kasedako tiroketaren oinarrian legokeen bikoteak elkar salatu du Agoizko epaitegian

Gizonak etxeko indarkeriagatik salatu du emakumea, eta honek genero indarkeriagatik salatu du ondoren gizona. Senarraren aita eta bi anaia ziren hildakoak, eta emakumearen aita ustezko hiltzailea.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteartean hiru lagun hil zituzten Kasedan, tirokatuta, eta ondoren orduetan zabaldu zen tirabiraren atzean bikote baten banaketa zegoela. Bada, gaur goizean andre-gizonek salaketa jarri diote elkarri Agoizko Auzitegian.

Aurrena gizonak jarri dio salaketa emakumeari, etxeko indarkeriagatik, eta ondoren, emakumeak salatu du gizona genero indarkeriagatik. Bakoitzak bere abokatuak lagundurik jarri du salaketa, denbora tarte bateko aldearekin.

Atzo, Agoizko Auzitegiak espetxera bidali zuen emakumearen aita eta behin-behinean aske utzi zituen haren bi nebak. Gaur salaketa jarri duen gizonaren aita eta bi anaia dira tiroketan hildakoak.

112 zerbitzua, polemikaren erdian

Bestalde, Kasedako bizilagun batek 112 zerbitzuak Guardia Zibilari ez ziola deitu salatu ostean abiatutako polemikari dagokionez, CCOO eta UGT sindikatuek erabateko babesa agertu diete zerbitzu honetako langileei.

Bien bitartean, Guardia Zibilaren IGC elkarte profesionalak idatzia igorri dio Nafarroako Fiskaltzari Kasedan gertatua ikertzeko eta utzikeria egon ote zen argitzeko. Elkarte horren iritziz,  "garbi dago 112ak ez diola abisurik ematen Guardia Zibilari herritarrek hala eskatuta ere. Foruzaingoari deitzen diote, eta hark erabakitzen du Guardia Zibilari deitu ala ez, eta noiz".

Atzo bertan, Nafarroako Gobernuak azalpenak eman zituen 112 zerbitzuan erabiltzen den prozeduraren inguruan, eta Uxue Barkos presidenteak esan zuen "miserablea" dela horrelako eztabaida bat mahai gainean jartzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Nafarroa Delituak Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa