Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon batek emaztea zauritu du eskopetaz Errioxan eta bere burua entregatu du
50 urteko gizonak 38 urteko emaztea zauritu du eskumuturrean eta sorbaldan, baina bere bizitza ez dago arriskuan.
agentziak | erredakzioa
50 bat urteko gizon batek ustez emaztea zauritu du eskopetarekin Ceniceron (Errioxa), eta ihes egin ostean, Guardia Zibilaren komisarian entregatu du bere burua.
08:00ak aldera izan da erasoa, bikotearen etxean. Lau seme-alabekin bizi dira bertan, Pedro Frias alkateak jakitera eman duenez.
SOS-Rioja larrialdi zerbitzuek herritarren abisua jaso dute erasoa gertatzen ari zela ohartarazteko. Bi eskopeta tiro eman dizkio ustez gizonak emakumeari, bat eskumuturrean, eta bestea sorbaldan.
Guardia Zibila eta anbulantzia bertaratu dira, eta Logroñoko San Pedro ospitalean ingresatu dute biktima. 18:00etan oraindik ebakuntza gelan zegoen emakumea, baina printzipioz bere bizitza ez dago arriskuan.
Guardia Zibilak esan du kuartelean agertu denean "gaixo itxura" zuela gizonak.
Guardia Zibilak ikerketa jarri du abian gertakaria argitzeko, eta ustezko erasotzaileak komisarian jarraitzen du epailearen aurretik igaro arte.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.