Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon batek emaztea hil du Bilbon

Biktima 25 urteko emakumea da. Bikotekidearen kontra salaketa jarri zuen, indarkeria matxistagatik. Senarra Mutrikun atxilotu dute, hilotza topatu eta ordu batzuetara.

Ollerietagoiena kaleko 25. zenbakiko etxe batean egin dute krimena. Argazkia: Google Maps
Ollerietagoiena kaleko 25. zenbakiko etxe batean egin dute krimena. Argazkia: Google Maps
Gizon batek bere emaztea hil du Bilbon

1:23

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hogeita bost urteko emakume bat hil dute astearte honetan Bilboko etxebizitza batean, eta haren senarra atxilotu dute hiltzailea delakoan.

Biktima Maguette Mbeugou da, jatorri senegaldarreko ama gazte bat. Bikotekidearen kontra salaketa jarri zuen Udaltzaingoan, indarkeria matxista egotzita. 

Polizia iturriek jakinarazi dutenez, Ertzaintzak Ollerietagoiena kaleko 25. zenbakiko etxe batean topatu du gorpua, 13:30ean alerta dei bat jaso ondoren. Hilotzak indarkeria zantzuak ditu.

Jarraian, Ertzaintzak biktimaren senarra bilatzeari ekin dio, ihesean baitzegoen, eta 19:00ak aldera Mutrikun atxilotu dute 38 urteko gizonezkoa.

Agentziek ikerketako iturriak aipatuta zabaldu dutenez, gizonezkoak labanaz hil du emaztea, biktimaren bost urteko bi alabak bertan zirela. Hainbat labankada eman dizkio, horietako bat lepoan.

Ollerietagoienako bizilagunek kazetariei azaldu dietenez, astelehen goizaldean, 05:30 inguruan, "zarata oso gogorrak" antzeman zituzten haien etxebizitzatik zetozenak.

ETBk jakin ahal izan duenez, litekeena da hilketa orduan burutu izana eta, ondorioz, bi haurrak 24 ordutik gora amaren hilotzaren ondoan bakarrik egon izana.

Ertzaintzak eraikina hesituta dauka eta, etxebizitzaz gain, ingurua ere zorrotz miatzen ari da, hilketa burutzeko erabili den armaren bila.

Atxuri auzoan bizi diren senegaldarrak hunkituta bertaratu dira krimena gertatu den etxearen atarira. Alde batean, emakumezkoak bildu dira, biktimaren ahizparekin batera; eta beste aldean, gizonezkoak, ustezko hiltzailearen anaiaren ondoan. Denak negar batean hasi dira, hilotza etxetik atera dutenean, 18:00ak aldera.

"Ezin dut hitz egin, ez dut hitzik; gertatu dena sinetsi ezinda eta oso, oso triste nago", adierazi du bikotearen lagun batek.

Biktima duela hiru urte iritsi zen Bilbora; gizonezkoa, ostera, 2008an heldu zen.

Gaitzespen adierazpena

Bilboko udaletxean ordezkaritza duten talde guztiek adierazpen instituzionala onartu dute hilketa salatzeko, eta elkarretaratzea deitu dute asteazken honetan, 10:30ean.

Adierazpen horren bidez, Udalak samina agertu du eta babesa helarazi die biktimaren senide eta lagunei. "Honelako gertakariek milaka emakumeri eragiten die, eta gertakari horiek gure gizartearekin eta gure egunerokoarekin zerikusia dute", dio oharrak.

"Maguette Mbeugouren heriotza genero indarkeriaren adierazpide larriena da, baina emakumeen kontrako erasoak egunero agertzen dira jarrera eta adierazpide ezberdinetan, eta horiek guztiak ere salatu eta gaitzetsi beharrekoak dira; osotasun fisikoaren eta moralaren aurkako erasoak dira, duintasunaren aurkako erasoak eta, horrenbestez, giza eskubideen urraketa larri eta onartezin baten ondorio dira", azpimarratu du.

Gauzak horrela, Udalak indarkeria matxistaren kontra ager daitezela eskatu die herritarrei, "eraso guztiak salatuz, erasoen aurrean isilik geratu gabe eta biktimei babesa adieraziz".

Emakundek, Arartekoak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskadiko Udalen Elkarteak, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak eta alderdi politikoek ere gogor salatu dute hilketa matxista eta biharko elkarretaratzearekin bat egin dute.

Bestalde, Mugimendu Feministak ere hilketa gaitzesteko manifestazioa deitu du bihar arratsalderako. Mobilizazioa Enkarnazio plazatik abiatuko da, 20:00etan.

___________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Indarkeria matxista Delituak bideoak Gizartea Albisteak Auzitegi Konstituzionala Matxismoa Krimenak azken ordukoa